OIARTZUN. DV. Ikasturte bakoitzean ikastoletan izaten den Batzar Nagusia, Oiartzungo Haurtzaro Ikastolan joan den ostiralean egin zen eta bertara 100 bat partaide hurbildu ziren, haien artean herriko Alkatea den Martin Beramendi jauna. Batzarrean azaldu zen bezala, ez da nolanahikoa 2005-2006 ikasturtea Oiartzungo ikastolarentzat. Badute bertan proiekturik, egitasmorik eta ilusio berririk. Ikasturte honetako aposturik fuerteena, zalantzarik gabe, Kilometroak 2006-ren antolaketa izango delarik.
Aurtengo Batzar Nagusian, ordea, beste gai askok ere izan zuten bakoitzak bere tartea. Funtzionamendu orokorra, ikasleak eta irakasleak, guraso ordezkariak izango ziren abiapuntu. Hezkuntza arloan murgildurik, Partzuergoa, ikastolako emaitza akademikoak, proiektu pedagogikoak eta abar. Atal honetan, ikastolako ikasleek azken aldian jasotako sarien berri ere eman zen.
Haurtzaro ikastolak Orereta ikastolarekin elkarlanean sortutako Oiartzo ikastetxeari buruzko informazio zabal eta luzea ere eman zen.
Zerbitzuen atalak ere izan zuen bere tokia. Izan ere, horixe da herriko ikastolari buruko min gehien sortzen dion arloa. Garraioa eta jantokia. Garraioari buruz urteroko arazoari erantzun egokia ematen saiatu ziren aurtengo batzarrean ere. Zerbitzu honetarako Hezkuntza sailetik sosik jasotzen ez dutenez, eta gurasoek guztia ordaintzeko ere zama handiegia denez, beti bezala, nahiko lanak izango dituzte zulo honi buelta ematen. Azkenean denak konformatzea dute helburu. Jantokiari buruz gauzak hobeto doazela agertu zuten. Jantoki berria amaitzear dago, eta maila honetan bikaina da Haurtzarok eskaintzen duen zerbitzua. Batzar Nagusiko beste ohiko atala, gestio ekonomikoarena izan zen eta bertan, inbertsioen plangintza, Hezkuntza Saileko laguntzak, Udalarekin duten akordioa eta ikasturteko aurrekontuak izan ziren aztergai.
Hezkuntza Proeiktua ere aztergai izan zen eta azken finean bera bihurtu zen, aurtengo Batzarreko gai nagusia. Baita, Aurtengo Kilometroak ere izan zuen bere tartea.