EZKIO-ITSASO. DV. Gaur arratsaldeko 7etan aurtengo lehenengo bilera ospatuko dute Ezkio-Itsasoko Baserria Bizirik taldeko kideek herriko Kultur Etxean.
Geldialdi baten ondoren Udalarekin elkarlanerako oinarri batzuk landu eta gero, berriz martxan jartzea erabaki dute. Horrela, lehenengo bilera honetan gai desberdinei buruz hitz egingo dute baserritarrek.
Lehenengo eta behin 2005.urteko aurrekontuen onarpena egingo da; ondoren, aurtengo aurrekonturako proposamenei buruz eztabaidatuko dute; arau Subsidiarioen egoera eta lehen proposatu ziren aldaketak; lan taldeak finkatuko dira; Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren eragina herrian nolakoa izango den... eta noski edozein proposamen edo ideia berriri buruz bertan hitz egingo da.
Baserria Bizirik taldea 2002ko apirilean sortu zen, eta hasiera batean baserritarrak bakarrik biltzen hasi ziren, zituzten kezkei buruz hitz egiteko.
Pixkanaka-pixkanaka ideak eta proiektuak azalduz joan ziren eta orduan, legealdi hau hasi zenetik, Udalarekin harremanetan hasi ziren. Horrela, aurrekontu bat izatea eta proiektu batzuk aurrera eramatea lortu dute. Orain arte ez da egun zehatzik egon bilera hauetarako; baserritarrak noizean behin biltzen ziren, proiektuak eta bestelakoak lantzeko. Hemendik aurrera gauzak pixka bat aldatuko dira, bi hilabetetik behin egingo baitira bilera hauek.
Bilera hauetara joateko baserri guztietara abisuak egitea lan handia denez, orain arte bileretara joan direnei bakarrik bidaliko dizkietela erabaki dute. Dena den, aurrerantzean parte hartu nahi duten guztiek gaurko bilerara joan edo Udalara deituz, zerrendan apuntatuko zaie, hurrengoetan abisua bidaliko zaielarik.Taldeko kideek diotenez, interesgarria da denon parte-hartzea.