ARRASATE. DV. XIX. Jokin Zaitegi Itzulpen Sariketa (2005eko Nobel Sariduna euskaratzeko beka eman behar zuena) Iñigo Errastiren lanari eman diote, aurkeztu ziren 38ren artean.
Oscar Aranak, Aitzpea Goenagak eta Xabier Payá osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko proiektu guztiak aztertu eta gero, Iñigo Errasti Aranbarriren lana saritzea erabaki zuen. Honek jasoko du Kutxak eskainitako 3.000 euroko saria, eta laguntza honekin jardungo du hemendik udazken hasiera bitartean, liburua 2006ko Durangoko Azokarako prest edukitzeko.
Harold Pinter antzerkilari ospetsuaren bost antzezlan euskaraz irakurri ahal izango da horrela, Elkar argitaletxearen eskutik: The Lover, Old Times, A Kind of Alaska, Party Time eta Mountain Language.
AED euskara-elkarteak aspaldidanik antolatzen duen sariketa hau itxuraldatu egin zen 2002an: urtero Literaturako Nobel saria irabazten duen idazlearen obra bat itzularazten da orain; dagoeneko kalean da I. Kertészen Zoririk ez, baita J.M. Coetzeeren Lotsaizuna ere. Iaz hutsik gelditu zen Elfriede Jelineken obra bat euskaratzeko deialdia.