DONOSTIA. DV. Erremonteak bi profesional berri izango ditu bihartik aurrera, Aritz Etxeberria eta Unai Zubizarreta. Galarretako jaialdiko lehen partidan egingo dute debuta, elkarren aurka gainera.
Aritz Etxeberria urrestildarra da eta 18 urte ditu. San Miguel baino sei hilabete geroago jaio zenez, erremontista profesional gazteena bihurtuko da bihar. Aurrelari hau bederatzi urterekin hasi zen erremontean Azpeitian, Pello Aizpuru herritarraren agindupean.
«Urduri nago», dio Etxeberria IV.ak. «Nire anaia, Enekoitz, profesionala izan zen baita ere -Etxeberria II.a-, eta haregandik hartu nuen zaletasuna». Errematatzaile ona dela diote, baina indarra falta omen zaio nahiz eta azkenaldi honetan asko hazi den. 1,84 metroko altuera du.
Eskupilotari izandakoa
Urtebete baino ez darama, berriz, Unai Zubizarretak erremontean. 24 urteko mutil honek eskuz jarduten zuen lehenago.
«Uste baino azkarrago moldatu naiz erremontera», dio aizarnazabaldarrak. «Ia ezagutu ere ez nuen egiten erremontea. Beste edozein modalitate baino azkarragoa eta politagoa iruditu zait. Sakea eta segurantzia dira nire dohain nagusiak. Aldiz, errebotean hobetu eta indarra hartu behar dut».