GETARIA. DV. Otsailaren 25ean eta 26an ospatuko dira inauteriak herrian eta Udalak, urtero bezala, Inauteriak 2006ko inauterien aurkezpena egiteko balioko duen kartel lehiaketa antolatu du.
Kartel lehiaketako gaia Getaria eta inauteriak izango da eta jarri beharrezko nahitaezko testua berriz 'Getariako Inauteriak 2006'; horrez gain egile bakoitzak berak aukeratutako leloa gehituko du kartelean.
Lehiaketan adin guztietako getariarrek parte hartu ahal izango dute, eta edozein erako lanak onartuko dira. Kartelak A3 neurrikoa izan beharko du eta egilearen datuak kartazal itxi batean sartuko dira.
Lanak aurkezteko epea otsailaren 15ean bukatzen da arratsaldeko 19:30ean. Lan guztiak Udal Liburutegian entregatu beharko dira.
Irabazleak aukeratuko dituen epaimahaia Kultura Batzordeak, herriko elkarteek eta artistek osatuko dute, eta erabakia otsailaren 15ean bertan hartuko dute.
Saritutako kartelek Getariako inauteriak 2006ko jai egitaraua iragarriko dute, eta kartel irabazleak Udalaren esku geratuko dira. Gainera Udalak aurkeztutako lan guztien argitarapen eskubideak izango ditu.
Hauek izango dira saritutakoen artean banatuko diren sariak: 3. maila bitarteko haurrentzat eta 4. mailatik 6. mailara bitarteko haurrentzat pintatzeko materiala, DBHko ikasleentzat MP3 bat eta 16 urtetik gorakoentzat berriz 150 euro.
Aurkeztutako lan guztiekin erakusketa egingo da udaletxeko sarrera nagusian otsailaren 21etik 27ra. Saririk jaso ez duten kartelak erakusketa itxi eta hurrengo hamabost egunetan eskuratu ahal izango dituzte egileek.
Areto futbola
Oñatin ekingo dio Irizabal arrainak taldeak bigarren itzuliari, Aloña Mendiren aurka. Lehen itzuli txarra egin dute getariarrek, eta azken postuan daude 15 partidatik 11 galdu ondoren. Gol gutxien sartu duen taldea da, eta gol gehien jaso duen laugarren taldea. Orain arte jokatu dituzten 15 jardunalditik behin bakarrik egon dira jaitsiera postuetatik kanpo; hala ere, bigarren itzulian zulotik irteteko esperantza badute. Oñatiarrak, berriz, hamaikagarren daude, 17 punturekin. Getariarrek helburu bikoitza dute ostiralean, aurreko bi partidetako itxura kaxkarra hobetzea batetik, eta garrantzitsuena: puntuak biltzea. Lehen itzulian bi talde hauek Getarian jokaturiko partidan Aloña Mendi nagusitu zen 2-5. Partida gaur gaueko 22:30ean jokatuko da Oñatiko kiroldegian.