AZPEITIA. DV. Festa giroan murgilduta ibiliko dira astebukaera honetan Matxinbentan. Urteroko usadioari eutsiz, Santa Ageda jaiak ospatuko dituzte bertan, gaur hasi eta igandea bitartean luzatuko den ekitaldi ugariz hornitutako egitarauaren eskutik.
Jaien hasera iragarriko duen suziri jaurtiketarekin ekingo diote aipatutako egitarauari gaur 20:00etan, eta festetako lehen gaua girotzeko erromeria izango dute 22:00etatik aurrera, Larreategi anai-arrebekin.
Santa eskea
Aurten Santa Ageda eguna, otsailaren 5a, igandean egokitu da eta, horrenbestez, Santa Ageda bezperan urtero-urtero egin ohi dutenez matxinbentarrak eskean aterako dira bihar. Goizean goiz, 8:00etan, aterako dira Matxinbentatik Azpeitia aldera eskekoak, Loidisaletxe bertsolariak eta Laja eta Izer trikitilariek lagunduta, eta egun osoan ariko dira kopla eta kantu, Azpeititik berriro Matxinbentara itzuli arte, gau partean. Bien bitartean, goizeko 11:00etatik aurrera, Matxinbentan bertan jubilatuentzako hamaiketakoa izango da.
Iluntzean, berriz, bertso afaria ospatuko dute Beheko tabernan. 20:30etan hasita, Jexux Mari Irazu eta Sustrai Colina arituko dira bertan bertsotan. 22:00etatik aurrera Olarte anaien trikiti doinuekin egingo du aurrera festak.
Igandean, zaindariaren eguna, Beasaingo txistulariek 9:00etatik aurrera eskainiko duten goiz eresiarekin esnatuko dira matxinbentarrak. 11:00etan meza nagusia egingo da, eta ordu beretik aurrera Pagorregiko oreinen eta Matxinbentako animalien erakusketa ikusteko aukera izango da. Meza ondorenean berriz Beasaingo eta Azpeitiko pilotarien arteko partidak jarraitzeko moduan izango dira.
Aurtengo Santagedak 17:00etan hasita egingo den herri kirol saioarekin bukatuko dira, Izer eta Otaegi aizkolariekin eta Aimar Irigoien eta Joseba Ostolaza harrijasotzaileekin. Jaien azken egun horretan musikarik ere ez da faltako, egun osoan zehar, Lutxurdixo eta Aitziber soinujole bikotearen eskutik.