ANTZUOLA. DV. Zure egunkaria irakurri eta Adobe Acrobat Reader sistema dira KZgunean antolatu dituzten bi mintegi berrien izenburuak. Lehenengoa, egunkariak irakurtzeko balioko duena, datorren eguenean izango da, Olaran etxean, arratsaldeko bostetatik seietara.
Bigarrena, berriz, hamabost egun geroago, hilaren 23an. Bi ordu iraungo du hark, hau da, seietatik zortzietara. Euskaraz emango dira bata zein bestea eta edozeinek du haietara joateko aukera.
Pilota
Olaldeko paleta bikoteak Urnietakoaren aurka jokatuko du gaur iluntzeko zortziak eta laurdenetan Antzuolako frontoian. Aurreko asteburuan irabazi egin zuten, 35 eta 26, Andoainen. Gotzon Zabalok eta Iker Mansok egiten dute bikotea.
Eskuzko jubenilak, Mendizabal eta Azkarate, Azkoitin ariko dira gaur zortzietan. Bergarari 22 eta 13 irabazi zioten aurreko jardunaldian. Mendizabalek, bestalde, 22 eta 17 galdu zuen domekan Teledonosti torneoan.