Otsaila, gauza jakina da, ez da hilerik ankerrena ez hilik deitoratuena ere. Hori diote bederen tenporek eta herri-jakituriak. Ni, baina, ez nator bat edo ez nago konforme. Poetak apirilari egozten dizkio mindura eta ezbehar guztiak, horrenbeste edertasun kolpetik ezin baitu begiradak barneratu, gozatu, eraman. Niretzat ordea otsailean hasten da urtarrileko malda.
Egunak muttur bat luzatzen dira, milimetro xuhur batzuk gehienez ere, eta negua neguago da, jagoleagoa, iruzurtiagoa. Ez dago fidatzerik otsailarekin. Dena da lozorro, zerraldo, gristasun. Haritzak eta ezkiak izerdi hotzetan kizkurtzen dira, pagoak ito egiten dira oihan isiletako itsasoan.
Ezkutuan dabil natura, kukuka, bizirautea besterik ez duela xede, ikaratua, zeruetara amildua. Nahi eta ezinaren kinka mingarri hori otsailean sortu zen, hala nola ezkortasuna, eszeptizismoa, etsipena, heriotzari diogun izu laborria.
Otsailean funtzionarioak ez du lanik egiten, harginari ospelak ateratzen zaizkio hatzetan, tabernariek prezioak igo-tzen dituzte, poetak idortu egiten dira, langabeziak gora egiten du futbolisten artean. Horrelaxe izan da beti, eta horrelaxe izanen da beti, salbuespenak salbuespen.
Eta estoikoki jasan beharra dago oldarra, tinko, irmo, gizonak (eta emakumeak) bezala. Bizi-tzak beti ematen baitu ordainsaria, edo zuzenago esanda, ordaina eta saria. Eusten jakin behar, otsaila kate motzean ibiltzen, beti atezu, beti leihoni.
Gogor eutsi ba, lagunok, eta elkarrekin ikusiko dugu eguzki berria, baso filantropikoen berpizkundea.