Jaizkibeleko portutzarraren anabasa, Jaitzubiako erraustegiaren usaina, abiadura handiko trenaren ziztu-hotsa Ez da giro Bidasoaldean. Ostiralean Eusko Jaurlaritza, Fomento, Diputazio eta zazpi udaletako jaun zaldun batxillerrak bildu eta ados jarri ziren: portutzar hori egin beharra dago! Larunbatean, Txingudi Bizirik-eko hiritar bilau kaikuek jende-kate luzea luzatu zuten Irunen: ezetz; erraustegirik, ezetz! Istilu handiak dabiltza
Zaldunborda Hondarribiko Jaitzubia auzoan dago, Irundik eta Lezotik mugante. Han eraiki nahi dute erraustegia. Baserri hori Gipuzkoako Batzar Nagusietarako ordaintzen ziren Fogueras-zergen zerrendan ageri da, 1462an! Atera kontuak noiztik datorkion, noiztik!, surako bokazioa. «Fogueras» su-toki baita.
Jaun jakitunak batetik, kaiku ezjakinak bestetik, a ze nolako matraka dabilen, baietz-ezetz, portua eta erraustegia medio. Bien bitartean, beste asko zalantzaren dan-tzan, zer suma. Baina nola litezke duda-muga halakoak zientzia aurreratuen mendean? Hau ez da, gero, fede kontua. Halako portutzarra, halako erraustegia egin behar bada, argudio indartsuak egongo dira noski. Hortaz, jaun batxiller argiek nolatan ez dute garbi argudiatzen? Nola demontre ezin dute bilau kaiku jende ezjakina beren ondorio berera erakartzen!? Horra misterioa.
Halako argudio sendo egiazkoak badituzte, Batxillertegi-koak eta Kaikuegi-koak bil daitezela Istilluaundiberri-ko mahaira, txanpan eta txuletaz, astebetez. Iritzi bakarrera bil-tzen ez badira, segi dezatela bertan beste astebetez, urik eta deus gabe, ateak itxita, bakailao gaziz, polboroi lehorrez. Laugarren egunerako baietz konpondu! Orduan dugu Zaldun-bordan ospa-tuko.