ARRASATE. DV. Arizmendi Ikastolak zero eta sei urte bitarteko haurrei zuzendutako Umezaintza gune berritua inauguratuko du gaur asteartean, hilak 31. Aipatu beharra dago Haurtzandegi hau Estatuko lehena izan zela, Auzo Lagun kooperatibaren ekimenari esker.
1969an Auzo Lagun kooperatiba eratu zen Arrasaten emakumeak lan munduan sartzeko xedearekin. Emakumeek etxetik kanpo lan egitean haurrak nork zaindu ez zituztela geratu ziren guraso asko. Gauzak horrela, Auzo Lagun kooperatibak egungo Umezaintza gunearen aitzindaria sortu zuen eta hura izan zen bai Euskal Herriko eta baita Estatuko lehen haur eskola. 1980an gurasoek lehen haur eskola kooperatiba bihurtzeko beharra azaldu zuten eta horrela egin zen, aldaketa egin zenean Auzo Lagunengandik banandu zen Ume- zaintza; nahiz eta, gaurdaino Auzo Lagunek Umezaintzan aktiboki parte hartu. Hogeita hamabost urteko ibilbidean ezinbesteko izan du Arrasateko Udalaren eta Hezibide osatzen zuten beste ikastolen laguntza. 2001az geroztik Arizmendi Ikastolaren hamaika guneetako bat da eta MCCren barruan kokatzen da.
Haur Hezkuntzako lehenengo etapa, 0-3 urte bitartekoa, Udal Zerbitzua da. Arrasateko Udalak 1999. urteaz geroztik, lau urtean behin, Arizmendi Ikastolari adjudikatu dion zerbitzua hain zuzen ere.
Inaugurazio ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Ikastetxeeen zuzendaria, Juan Jose Agirrezabala; Ignazio Lakunza, Arrasateko alkatea; Mikel Lezamiz, ikastolaren lehendakaria; eta Jose Ramon Zubizarreta, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakaria, izatekoak dira. Ekitaldia 10:00etan hasiko da. Egoitzak haurren heziketa egokirako eta beraien ongizaterako instalazio modernoak ditu: egongela, sukaldea, gelak Egokitzapen hauek guztiak, umeei eta familia osoari zerbitzu hobea eskaintzeko burutu dira. Bestalde, zerbitzuen artean, sukaldea eta jangela, irakurketa suspertzeko eta informazioaren tratamenduan lehenengo urratsak egiteko zentroa, psikomotrizitate aretoa eta aisialdirako tokiak ditu besteak beste.
Umezaintzako guneak, familia bakoitzaren beharretara hobeto moldatzeko, egutegi luzea eskaintzen du: irailaren hasieratik uztailaren bukaera arte, 07.30etik 18.00etara, gurasoen lan egutegi eta ordutegira egokitzen dena. Une honetan, gurasoekin batera, beste zenbait zerbitzu eskaintzeko aukera aztertzen ari dira. Arizmendi Ikastolako gune berrituak erraztasunak emango die umeei bere garapen pertsonalerako, eta irakasleei ere beraien lana kalitate handiagoan burutzeko aukera eskainiko die. Gune berritu honekin, Arizmendi Ikastolak bere proiektua Leintz Bailaran indartu egingo du.