USURBIL. DV. Iragarrita zegoen moduan zintzo-zintzo iritsi zen elurra Usurbila ere. Goizeko 8.15ak aldera esnatu zirenak, pertsianaka igo eta elurra nola hasten zuen ikusteko moduan izan ziren. Izan ere, ordu horretan elur malutak mara-mara erortzen hasi ziren eta zenbait teilatu eta kotxe kolore zurixka hartzen joan ziren. Ez zuen, ordea, askorik iraun, 10.30etarako amaitu baitzen elur jasa, eta ondorengo eguzkialdeak laster ezkutatu zituen herriko elur aztarnak.
Goraxeago, elur gehiago bota zuen. Arratzain aldean elur geruza polita ikus zitekeen eta bide bazterrak, zelaiak, teilatuak eta kotxeak ere zurituta egon ziren goiz osoan zehar. Baita San Esteban eta Andatza aldean ere.
Gaurko ere elur giroa iragarrita dago. Egun guztian elurra egiteko arriskua egongo omen da, atzo baino gehiago, eta tenperatura hotzak ere iragarri dituzte. Hala ere, beti bezala, gela edo izotza izango da arrisku handiena sortuko duena.