Zein da hiri honen esanahia?», galde egiten dio T. S. Elliot poetak bere buruari. «Elkar estutzen al duzue elkar maite duzuelako? Zer eran-tzungo duzue? Besteen kontura aberasteko bizi al gara elkarrekin?» Eta aurrerago dio: «Gizatasuna eta garbitasuna ez badaude bihotzean, ez daude etxean; eta etxean ez badaude, hirian ere ez». Aspaldiko kontua da masifikazioarena. Itxuraz, estu-estu bizitzea atsegin dugu gero eta txikiagoak zein garestiagoak diren etxeetan. Paradoxikoki, gorrotagarria egiten zaigu kontaktua lagun-hurkoarekin. Beti jo-tzen dugu hutsik eta besteengandik aparte dagoen eserlekura. Elkarren beldur bizi bagina bezala.
Ikuspegi arrazional batetik aztertuta, joera horren atzean egongo litzateke desagertzeko eta txiki bihurtzeko grina. Hots, gure esparru propioa sortzeko premia. Premia hori bikain aprobetxatu du etxebizitzaren industriak. Gu txiki-txiki egiteaz gain, txikitasuna kudeatzeko etika bat oparitu digu: hipoetika.
Hipoetikak gure hipotekaren neurrira egindako etika bat sustatzea du xede. Jakina, hipoteka bat ordaintzea nahikoa zama potoloa da. Zama horren kariaz lehenesten dugu ni-a edo nikeria.
Nikeriak bat egiten du hipoetikarekin. Hipotekadunok badugu aitzakia perfektua nikeriaren abarora biltzeko. Ez dakidana da zeinek ekarri zuen zer, hipoetikak nikeria ala nikeriak hipoetika. Edonola ere, gero eta txikiagoak egiten gaitu hipotekak, zorion esparru ñimiñoak bilatzera bultzatuz.
Hortik gauza txikiekiko dugun atxikimendua. Txikitasuna preziatu beste erremediorik ez dugula sinestarazten diogu gure buruari, gero eta txikiagoa baita gauza handiagoetan pentsatzeko uzten zaigun tartea.