LEITZA. DV. Atzokoa pestondoa pasatzeko eguna zuten leitzarrek. Leitzarrek eta inguruko herrietatik etorritako bisitariek, jende asko hurbildu baitzen asteburu honetan Leitzako inauterietara. Hurbildu, parranda egin, karrozen desfilea ikusi eta primeran pasatu. Desfilean aurten, maila handiko mozorroak ikusi ahal izan ziren. Ondoren, batzuk ohiko astelehena pasatu beharko zuten, lanean, eta bertakoak, biramona festa giroan eman zuten. Atzokoan, baserrietan eskean ibiltzeko eguna zen eta urtero bezala, lagun asko bildu ziren plazan auzoetara joateko. Giroa ere aproposa izan zuten leitzarrek, hotza egin arren ateri eta eguzkitsua izan baitzen eguna. Goizean goiz hasi eta ilundu arte, ez zen euren arrastorik herrialdean. Bitartean, txikienek primeran pasa zuten Amazabal pilotalekuan izan ere, arratsaldeko 15:00etatik aurrera puzgarriak jarri ziren. Iluntzean berriz, 19:00etan eta gaueko 23:30ean aurrera Gau-belaren emanaldia izan zen, Karrapen.
Gaur, goizeko 9:30etan hitzordua jarrita dago Aurrera inguruan elkartu eta baserrietara joateko. Oraingoan, Erasote auzoko bizilagunak bisitatzera joango dira eskean aterako direnak. Batzuk eskera joanen dira eta ume eta gaztetxoentzat antzerki lan bat antolatu da zineman. Ingurumenua izeneko lana ikusi ahal izanen dute goizeko 11:30etatik aurrera. Arratsaldeko 2:30etan, bazkaria eskalari eta Aurrerako kideentzat. Arratsaldean, 4etatik aurrera makillaje tailerra egonen da udaletxean ume eta gaztetxoentzat. 5etan, ume eta gaztetxoen kalejira Incansables txarangarekin eta ondoren, txokolatada plazan. Iluntzean eta gauean, Gaubela taldea karrapen arituko da.
Bihar, asteazkena, Kiriku II marrazki bizidunezko filma ikusgai izanen dute zineman, arra- tsaldeko 17:00etan. Inauteriak Leitzan gaur amaituko dira, baino oraindik parranda egiteko aukera dago.