OIARTZUN. DV. Hamar urte pasa dira Juan Mari Beltranek egun haietan Oiartzungo alkate jauna zen Jon Iñarrari Herri Musikaren Txokoaren egitasmoa aurkeztu zionetik. 1995eko ekainean abiatu zen Herri Musika Txokoaren ibilbidea. Berehala Oiartzungo Udalak proiektua Oiartzunen martxan jartzea onartu eta antolatzen hasteko behar zen azpiegitura eskaini zuen. Ergoien auzoko Eskola izandako egoitzaren giltzak hartu eta pixkanaka bete zituzten bertako gela eta aretoak soinu-tresna, liburu, disko, audio zintak, argazki, pelikulak eta herri musika bestelako materialez. Ondoren, hamaika laguntzailek bertan egindako lanaren ondorioz milaka fitxa osatu ziren eta soinu-tresnen erakusketa antolatzen hasi ziren.
Zazpi urte pasatu zituzten modu horretan, lan ordutik eta lanegunetik kanpo, bere egitasmoaren eta herri musikaren alde boluntario asko pasatu ziren Ergoien auzoko eskolatik eta horiek egindako lanaren bitartez egituratu ziren bere aurreneko «datu-baseak», soinu-tresnen bildumaren antolaketa, tailerra, etabar. 2002ko martxoaren 1ean eta berriz ere Oiartzungo Udalaren babesarekin inauguratua izan zen Herri Musikaren Txokoa eta geroztik, hasieran astean bi egunez (ostirala eta larunbata) eta 2003ko hasieratik astean hiru egunetan (osteguna, ostirala eta larunbata), publiko guztiari bere zerbitzuak eskaintzen dizkiete.
Urtarrilan plazaratu duten azken buletinean honela mintzatzen dira: «Gure ibilbidean alde guztiak dira garrantzitsuak: Ikertzaile eta ikasleei beren ikerketa eta bestelako lanak egiteko eskainitako laguntza, antolatu ditugun kontzertuak, beste erakunde eta elkarteekin antolatu ditugun jardunaldiak, eta, nola ez, erakusketa ezagutzera etorri zaizkigun milaka pertsonak hartzea. Adin eta mota guztietako bisitariak izan ditugu: ikastaldeak, musika ikasleak, musikariak, unibertsitarioak, mendizaleak, gazte taldeak, emakume taldear etabar. Dagoeneko 10.000 bisitari baino gehiagoko kopurua gainditu dugu». Jakin dugunez, bisitari kopurua urtarrilera arte 10.355 pertsonakoa izan da. Eta honela azaldu dute bere iritzia: «Datu honek alde batetik gure proiektuak izan duen harrera ona adierazten digu eta bestetik animoa ematen digu aurrera jarraitzeko bide beretik».