Paradoxa hutsa da gizakia. Bitan banaturik dauzka bihotza eta burua. Kontrako sentimenduen mirabe bizi da: segurtasuna nahi du, baina abentura berriek tirriatzen dute; zientzia hartu du egiaren iturri bakartzat, baina mitorik gabe ezin da bizi; pragmatikoa eta utopikoa da aldi berean; ahal balu, diruari katez loturik eutsiko lioke, baina kontsumista porrokatua da; gero eta indibidualistago bihurtzen ari da, eta gero eta maizago jotzen du gizarteraren babes bila; norabiderik gabeko ibili frenetikoak ondoeza eragiten dio, baina asperdura ere ezin du jasan; ez da isiltzen askatasun eske eta hoska, baina araurik gabe galdu egiten da; egoista da, eta altruista izan nahi du; lanik ez egitearren izarditan blai bizi da.
Eta, gazteek esango luketen moduan, sekulako muturra du. Espediente negargarri hori beste bermerik gabe, zorion eta justizia bila dabil. Baina, tira! Badira optimista porrokatuak ere. Sierra Leonan haurrei, oraindik orain, besoak mozten zitzaizkiela, eta aurrera nola joango garen galdetzen badiezu, erantzungo dizute ez dakit zein gizalditan gaizkileei, delituaren arabera, begiak atera eta barrabilak mozten zitzaizkiela.
Noberto Bobbio izan daiteke optimista horietako bat: «Giza eskubideen historia, ezbairik gabe, gizadiaren aurrerabide etikoaren seinalea da», idatzi zuen. Agidanean, gizadiak arkikuntza handi hau egin du: nor bakoitzaren berezko balioa baieztatzea da zoriona eta justizia iristeko biderik laburrena. Eta badoake, apurka-apaurka, bide hori urratzen. Ez dut esango, oro har, hobeto ez goazenik. Baina ez nuke inor zoriontsu ikusi nahi, pertsona bakar bati, bederen, giza eskubideak ukatzen zaizkion bitartean.