Film hau iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, Sail Ofizialaren barruan hain zuzen ere. Urrezko Maskorra irabazi izan balu, inork gutxik egingo zukeen protesta; izan ere, bazituen filmak sari hori irabazteko argudio sendoak. Sud Express ibaiadar asko batzen dituen bidaia bakarra da. Bidaia anitzekin ehundutako odisea gizatiar bat. Edo jentilek esango zuketen modura, humanoa. Lisboa eta Paris lotzen dituen Sud Express trena da odisea horren lotura. Bi hiri handi hauen artean bizi dira filmeko protagonistak, baina denak ez daude espazio geografiko zehatz horretan errotuak. Errorik gabekoak dira asko eta asko. Eta ez naiz nortasun txartel batek eman dezakeen alegiazko erroez mintzo. Erro horiek, edozein patriketan kabitzen baitira.
Trenera igo aurretik, filmeko protagonistak ezagutuko ditugu: Samuel, Tino, Mili, Lucía, Rober, Isa, Julián, Rachid Guztiek dute motibo bat trena hartzeko. Egia esan, inoiz ez zaigu motiborik falta tren bat hartu eta leku ezezagun batean lur hartzeko. Filmeko protagonistek ere ez dute motibo faltarik. Batzuk amets baten atzetik dabiltza; besteak inoiz bete ez zuten ametsa berreskuratu asmoz. Protagonisten eskutik etengabe mugitzen eta aldatzen ari den hego ekialdeko Europa baten berri ematen zaigu. Gurea ere badena. Pertsonak dira leku batetik bestera mugitzen direnak, baina beraiekin mugitzen dira emozioak ere. Horiek ezin dira maletetan fakturatu. Filmaren gidoia, bestalde, oso txukuna da. Bikain josten ditu bidaia ezberdinak eta bortxakeriarik gabe jartzen ditu harremanetan. Bide batez, ezin da ahaztu Sud Expressi bizitasun propioa ematen dion beste osagarri bat. Filma hizkuntza askotan errodatua dago: frantsesa, portugesa, arabiera, gaztelera, euskara Antzezpena ere goratzeko modukoa da. Neurtua baina karga handikoa. Tarteka, merezi du tren ezezagun batera igo eta geltoki galduetara abiatzea. Gutxitan heltzen dira Sud express bezalako trenak gurera.