SEGURA. DV. San Sebastian eguneko ospakizunak bihar goizean konplituko dira Seguran. Ostiralean, santuaren egunean, egin baziren Gipuzkoan hain famatuak diren festak, Seguran santuaren oroimenez eraikitako antzinakoa ermitak San Sebastian egunaren hurrengo asteburuan hartzen du protagonismoa, eta bihar egingo da ohizko jaia Zubi-Berriko elizatxoan. Mendeetan konplitzen den tradizioa berrituaz, eguerdiko 12etan emango da meza ermitan eta, urtean zehar auzoan hildakoen alde ematen den elizkizuna bukatutakoan, Udalaren laguntzaz auzokoek eskaintzen duten hamaiketakoa dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Aurkezpena
Herriaren 750. urteurreneko ekitaldien aurkezpena asteartean, hilaren 24ean, egingo da udaletxeko Batzar Aretoan. Goizeko 11.00etan hasiko den ekitaldian, Mikel Areizaga alkateak eta Kulturako zinegotzi den Joxe Mari Izagirrek egingo dute aurkezpena, aurtengo ospakizunetarako antolatu den egitaraua jendaurrean azaldu eta ekintza ezberdinen xehetasunak emango dituztelarik.