EZKIOITSASO. DV. Ezkio-Itsasoko Udalak 6.000 euroko diru-laguntza eman die guztira, 3.000 euro bakoitzari, Hirugarren Munduan lan egiten ari diren bi GKE edo ONGri. Herriko bizilagunen senide batzuk ONG desberdinetan lanean ari dira orain dela denbora dezente, hango jendeari laguntzen ura herrietara eramateko putzuak eta iturriak sortuz eta lurra lantzeko materiala bilduz. Hau horrela dela eta, herriko Udalak diru-laguntza desberdinak eman dizkie hauetako bi ONG-ri.
Pasa den urtean 'Congregación de Religiosas de Jesús' GKEk, Cochabamba, Bolivian, lan egiten duenak, beren jardueretako 900 euroko diru-laguntza jaso zuen Udalaren partez. Diru hau ura lortzeko nola erabili zuten justifikatu ondoren, aurten ere laguntza berri bat jasoko dute, oraingoan 3.000 eurokoa izango delarik lanarekin jarraitu dezaten.
Bestalde, 'ONG Guatemala'k beraien proiekturako diru laguntza eskatu, eta hauei ere 3.000 euro ematea erabaki dute Udalekoek. Hemengo lankideek urtebete pasatuko dute Guatemalan hango jendeari laguntzen; beraz, handik itzultzerakoan egindako lanaren berri azalduko dute herritarren aurrean, hitzaldi baten bidez, emandako diru-laguntza zertan erabili duten azaltzeko.
Sahara
Honetaz gain, urtarrilaren 24a arte, azukrea, ontziratutako atuna eta emakumeek behar beharrezkoak dituzten konpresak jasoko dira Udaletxean, Saharara bidaltzeko.