DONOSTIA. DV. Hamaika tokitan barrea eragin ondoren, Zumaian eta Donostian taularatuko du hurrengo egunotan Mikel Martinez eta Patxo Telleria eskarmentu handiko aktoreek osatzen duten Ez dok Hiru Bikoteatroa konpainiak oraingoz azkena duen Larru haizetara antzezlana. Zumaiako Aita Mari antzokian izango dira bihar, ostirala, gaueko 22.00etan. Asteburua, berriz, Donostiako Lugaritzen emango dute. Larunbatean eta igandean, 20.30etik aurrera, Imanol Larzabal aretoko oholtzan utziko dituzte agerian, ohikoa eta berezkoa duten tonu umoretsuan, euskaldunek sexuarekin duten harreman gorabeheratsua.
Bestalde, euskaldunek baliatu ahal izango dute soilik ikuskizunak proposatzen duen «sexu- eta barre-terapia kolektiboa», hizkuntza bera mezuaren zati izanik -edukitzaile ez ezik, eduki ere bai- euskaraz sortutako lana euskaraz emango baita bakarrik. Patxo Telleriak idatzitako testuak argi du abiapuntua: oso atzeratuta omen gaude euskaldunak sexu kontuetan eta, aldi berean, sexuarekin obsesionatuta. Hortik omen datoz, alegia, Euskal Herriak pairatzen dituen arazo guztiak.
«Egoera triste horri» aurre egitea du helburu Telleria eta Martinez doktoreek asmatu duten «terapia» iraultzaileak. 'Euskera, jaldi hadi plazerrera' aldarrikatzen duen ikuskizuna aktore-pertsonaia bien arteko elkarrizketa arinetan oinarritzen da, topikoak apurtuz eta euskararen erregistro jostalarienak arakatuz eta azaleratuz.