Batzuetan egunak markatzen du jarduna. Gaur San Anton dugu, Sanantonabat, hamaika bazterretako santu estimatua, animalien zaindaria, harakinen patroia. Anton hitzak loretsu esan nahi omen du; horregatik daude noski dagoeneko oteak loretan mendian. Sanantonetan oilar baten pausua luzatzen omen da eguna; ezagun du, nahiz dela goizean nahiz dela arratsean, argialdiaren luzamenduak gurean.
Prezioak bezala, usadioak ere galanki aldatu dira urteekin. «San Anton, bixigu zaharra al montón!» esaten ziguten mutikotan; joan eta harrapa ezazu gaur. Bidasoa ingurumari honetan jaidura handia gordetzen diote aspalditik santuari, eta Irungo Aizabe baserriko jaun Joxerengana jo dut kontu eske. Gaurko egunez batzuk beren asto, mando, ardi eta guzti joaten omen ziren eliza atarira apaizaren bedeinkazio eske; gehienek, ordea (gaur egun ere oraindik bai) galletak, ogia, artoa eta abarra eramaten omen zuten bedeinkatzera, gero aziendei jaten emateko.
Lesakako partean, Aiako Harriaren gibelean, uharka handi bete baten ertzean, San Antonek ermita hagitz dotorea du, teila gorri-berri, orain bost bat urte jubilatuek musu trukean zaharberritua. Han bi igandeotan erromeria jendetsua izaten da. Non da festa, han da neska: horretan ez dira usadioak aldatu. Bai alajaina prezioak! Aizabeko etxekoandre Mañulak kontatu dit honako hau. Lesakatikan etortzen omen zen apaiza San Antonera meza ematera. Meza bakoitza hiru peztan eskatzen ahal zen. Baina hark igo omen zuen behin kolpetik durora, aldaretik esanez: «Hemendikan aitzinerat bortz peztan beharko du izan. Oaindikan ba omen dire mezak hiru peztakin emateittuztenak Halako mezak izanen dire!».