Ametsak besarkatuz izenburupean, Garikoitz Garaialde argazkilari hondarribiarraren surfari buruzko erakusketa jasotzen du egunotan Martindozenea Gaztelekuak. Gorputz beltzaranak, kolore biziak, itsaso urdina... Hitz hauek deskribatzen dute askotan surfa, baina Garaialdek, ideia hau alde batera utziz, beste ikuspuntu batetik erretratatu nahi izan du kirol hau, Gipuzkoatik Lapurdira bitarteko kostaldean dauden hondartza desberdinak bisitatu ondoren. Hamazazpi argazkiz osatutako erakusketa, hilak 31era arte egongo da Gaztelekuan.
- Zer aurkitu dezakete zure erakusketa ikustera gerturatzen direnek?
- Surfari buruzko argazkiak. Kirol hau zer den ez dakien eta Euskal Herriko kostaldean zehar ibili den pertsona batek surfaren inguruan somatu duena irudikatzen du erakusketak. Hau da, surflaria ez den pertsona baten ikuspuntutik kirol horrek adierazten duena begitaratzen du.
- Beraz, zu ez zara surflaria.
- Ez naiz sekula surflaria izan. Kirol honi buruz dakidan guztia aldizkarietan irakurritakoari esker da eta Hondarribian bizi naizenez, hondartza inguruan ikusitakoa eta Donostiara askotan inguratuta, antzeman dudanaren bidez ikasia.
- Zergatik hautatu duzu gai hau?
- Kasualitatez, kuriositateak bul-tzatuta, agian. Surfa zer den deskribatu nahi nuen. Aldizkariek edo telebistak surfari buruz erakusten dutena gauza bat da eta kalera aterata, norberak somatu dezakeena, beste bat. Azken finean, bi moduek deskribatzen dute surfa, baina oso irudi ezberdinen bidez. Nik bigarren ikuspuntu hori adierazten dut.
- Kolore biziak edo surfisten gorputz indartsu eta beltzaranak jaso-tzen ez dituen beste irudi bat ezta?
- Bai. Normalean kirol honek kolore biziak, bainu jantzi fosforitoak, itsasoko kolore urdina, hondarraren okrea edo gorputz beltzarana adierazten du, baina hau ez ezik, beste kontzeptu askok irudika dezakete surfa. Nik, behintzat, kostatik paseatu ondoren, beste era batera nabaritu dut surfa.
- Zer nolako argazkiak dira?
- Guztiak paisaiak dira, hau da, plano nahiko irekiak erabili ditut. Urrutitik ikusitako argazkiak dira, baina denetan agertzen da pertsonaren bat. Azken finean, neguan hondartzara joan eta bertan ikusi daitekeena erakusten da. Denak txuri-beltzean dira, nire ustez, kolore biziak kenduz, beste era batera nabaritzen delako kirol hau. Gainera, neguko argazkiak direnez, adierazgarriagoa iruditzen zait kolorerik gabe azal-tzea.
- Zein hondartzatan atera dituzu argazkiak?
- Itziartik hasita eta Donibane Lohitzun bitartean dauden hondartzetan. Hau da, Gipuzkoatik Lapurdira bitarteko kosta irudikatu dut hamazazpi argazkiren bitartez.
- Zergatik aukeratu duzu Ametsak besarkatuz erakusketaren izenburu?
- Gari Berasaluzek, kazetari zarauztarrak, hitzaurre bat ida-tzi zidan erakusketarako. Izenburu hori jarri zion testuari eta prestatuta hartu nuen. Adierazi nahi dena da pasatzen diren olatu guztietatik bat aukeratu behar dela, hoberena alegia. Bizitza eta surfaren arteko erlazioa adierazi nahi da.