diariovasco.com
Martes, 17 de enero de 2006
 Webmail    Alertas   Boletines     Página de inicio
PORTADA GIPUZKOA ECONOMÍA DEPORTES OCIO CLASIFICADOS SERVICIOS CENTRO COMERCIAL PORTALES

COSTA UROLA
GETARIA
Gaur, San Anton Eguna, mila eta bostehun botila txakolin edango dira uzta berriaren aurkezpenean
GETARIA. DV. Gaur, eguerdiko 12:15ean txakolin uzta berriaren aurkezpen ekitaldia egingo da frontoian. Ekitaldia Kepa Iribarrek aurkeztuko du eta txakolin berria, Ruth Mozok, Jatorrizko Izendapenaren izenean. Aurtengo omenduak eta Mahasti Jaun oroigarria jasoko dutenak Tatus Fonbellida ardo munduan lan asko egin duen sukaldaria eta Juan Jose Lapitz kritiko gastronomikoa izango dira.
Urtero bezala, jaia girotzeko, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak kantuan arituko dira. Horrez gain, Gure Txeruko dantza taldeko kide batek aurreskua egingo du eta taldeak Txakolin Dantza dantzatuko du; Herriko abesbatzak Txakolin, txakolin abestuko du.
Getariako Txakolina Jatorrizko Izendapenak atzo eskaini zuen prentsaurrekoan azaldu zutenez, aurtengo txakolinak 11 gradu ditu eta txakolinaren ezaugarria den garraztasun puntua du. «Kalitate handiko txakolina da aurtengoa, mahatsa ondo helduta jaso zen eta».
Txakolinaren aurkezpena egin ondoren, ohitura den bezala, herritar eta hurbiltzen diren guztiek txakolin berria dastatzeko aukera izango dute Laja eta Iturbe trikitilariek girotuta. Jarraian, udaletxeko balkoitik, urtero bezala, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsotan arituko dira.
Guztira 1.500 botila inguru edango dira, eta txakolinarekin batera San Anton Pintxo Lehiaketan parte hartu duten lau tabernek (Mahasti, Itxaspe, Iribar eta Taxco) prestatutako 1.500 pintxo goxo dastatzeko aukera ere izango da. Pintxo Lehiaketako irabazlea nor izan den txakolin berriaren aurkezpen ekitaldiaren aurretik esango dute eta irabazleari kopa emango zaio.
Txakolina edateko edalontzia 3 euroan erosiko da, eta horrekin bost txakoli edo botila bat hartzeko tiketa banatuko da.
Arratsaldeko 18:00etan Herri Kirolak egingo dira frontoian; bi talde arituko dira elkarren kontra: alde batetik, Olasagasti eta Aratz aizkolariak eta Barinaga harrijasotzailea eta, bestetik, Mindegia eta Ugaitz aizkolariak eta Izeta III. harrijasotzailea. Aurkezle lanetan Gabisola arituko da.
Ondoren Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek bigarren saioa eskainiko dute eta Laja eta Iturbek trikitilariek giroa alaituko dute.



Vocento
Monitor de tráfico Bidegi Canal Meteo Webcam