OIARTZUN. DV. Oiartzungo herriak, betidanik, sagardotegi asko eduki izan ditu. Gaur egun ere badira, baina lehen aldian oso gutxi. Oraindik baserri askotan, etxeko beharretarako, sagardoa egiten da, baina une honetan ohituta gauden bezalako sagardotegiak bi bakarrik daude gure herrian: bat, Iturriotz auzoko Aristizabal baserrian eta bestea, Ergoien auzoko Ordosolai baserrian; eta biak, ustiapen edo explotazio familiarrekoak dira.
Beste hainbat taberna badira gure herrian «sagardotegia» jartzen dutenak, baina hauek gehiago dira jatetxe arruntak urte osoan erekiak egoten direlako.
Gure gazte denboran herrian izaten ziren sagardotegiak, besteak beste, hauek ziren: Elizalde auzoan, Fondakoa, Exkerrenekoa eta Artxaienekoa. Ergoien auzoan, Olaizberrikoa zen famatuena.
Altzibar auzoan, Pottonekoa eta Iruñiarrenekoa. Iturriotz auzoan, Adurizenekoa, Martiarrenekoa, Garbunokoa eta mendi aldera joz gero, Amazkarkoa, Portugalekoa, Suantzakoa, Aristizabalkoa eta, Boirdatxokoa. Ugaldetxo auzona, Katalintxokoa, Txikierdikoa, Txipitokoa, Baleionekoa eta Ibarrekoa. Arragua auzoan, Arraguazaharrakoa, Bidebitartekoa, Lartzabalkoa eta Aristizabalekoa. Karrika auzoan, berriz, Bidasorokoa.
Denbora haietan, sagardotegi guztiak ez ziren denak batera irikiak egoten, batak besteari itxaron egiten zion. Afal ondoan, bertsoa eta kanta ez ezik, haserreak, borrokak, demako desafioak ... izaten ziren. Festarik handienak Bordatxoko sagardotegian izaten ziren. Apustu eta desafio handienak ere bai. Mariano Ostolaiz bere Oroipen-kutxa liburuan honela mintzatzen da: «Sagardotegirik izan ez balitz, etzen bertsolari asko izango; ez eta aizkolari, idi-dema, sega-apostu, pilota eta beste dibertsorik ere. Berdin aari-demak, trikitixa eta soiñua, dantza eta abar» (sic).
Sagardotegiak ez ezik, sagardi ugari galdu dira Oiartzunen. Lehen mota askotako sagarrak genituen hemen eta baserri bakoitzat, gehienetan, bere sagarrondo berezia izaten zuen. Sagar hauen izenak ederki jasoak ditu Maritxu Gaztelumendik bere Karrika Xabaleko aritz-ondotik liburuan: Patsulo sagarra (geza), Merkelin sagarra (geza), Bixkai sagarra (geza), Mozolo sagarra (mikatza), Sagargorria (geza), Txori sagarra (geza), Olio sagarra (geza), Gazigeza, Sagarzabala (gazia), Txalaka sagarra (gazia), Goierri sagarra (gazia), Santiyo sagarra (gazia), Axpuro sagarra (gazia), sagartxuia (gazia), Sanjuan sagar gorria (gazia), Sanjuan sagar txuria (gazia), Gabierrota sagarra (mikatza), Udare sagarrak (gazia), Burni sagarra (gazia), Errege sagarra (gazia)...
«Eta nere aitak, Auxkeneko Pelix'ek, sagardo ona egiteko errezeta obena au zela esaten zuen: Karga bat merkelin sagarrentzat, karga erdi bat sagar geza nasia, zaku bat t'erdibixkai sagar, zaku erdi bat txalaka sagar, zaku bat sagar gazi nasia». Gorago aipatu bezala, gaur ostirala, urtarrilak 13, Aristizabal sagardotegiak zabalduko ditu bere ateak Oiar-tzun eta inguruneko herri guztietako sagardo zaleei.
Lourdes baserri bertako alabak eramaten du sagardotegiko martxa guztia, bere senarra Imanol laguntzaile duelarik. Jakinarazi digute, ohizkoa bezala, aurtengo sagardoa ere, %100 herriko sagarrekin, hau da Oiartzungo sagardietako sagarrekin, egindakoa dela, jendeak dasta ahal izateko zain.