Euskara Biziberritzeko Planaren barruan, Hizketaldiak euskarazko hitzaldi sorta antolatzen jarraituko dute 2006an ere Hitzaro eta Euskararen Udal Aholku Batzordeak, elkarlanean. Hori dela eta, gaur, hilak 12, «Zer jan, zer ez jan; zer edan, zer ez edan» gaiaren inguruan mintzatuko da Julian Bereziartua mediku azpeitiarra. Hitzaldia, Udaletxeko Pleno Aretoan izango da, 19:00etan. Mediku zirujaua da Julian Bereziartua, duela 44 urtetik hona, eta denbora tarte horretan 40.000 interbentzio kirurgiko inguru egin ditu. Horrezaz gain, 500dik gora artikulu idatzi eta argitaratu ditu egunkari eta aldizkari ezberdinetan. Eta lankide izan da zortzi liburutan. Besteak beste, Hasier Etxeberria idazle eta kazetariak, Irizar sukaldariaren errezetekin egindako Erabateko Sukaldea liburuan, Bereziartuaren aholkuak jaso zituen.