Gabonetako XXIII. Haurren Hamabostaldiaren egitarau oparoarekin amaitzeko, gaur arratsaldean bi emanaldi izango dira Lizardi Antzokian 'Poxpolo eta Mokolo' pailazoen eskutik. Lehendabiziko saioa 16.30ean eta bigarrena 18.30etik aurrera. Sarrera doan izango da, baina hori bai, lekuak mugatuak direnez, antzokia bete bezain azkar, sarrera itxi egingo da. Bestalde, esan behar da 'Pirritx eta Porrotx' pailazoek iragan ostiralean udal kiroldegian eskainitako bi funtzioetan, sarrera guztiak agortu egin zirela -700 pertsonatik gora emanaldi bakoitzean. Oso funtzio atsegina izan zen, Maite zaitut diska berria aurkeztu zutelarik; musikaren egilea Xabier Zabala zarauztarra da.