ZARAUTZ. DV. Euskalduna Tabernak, Zarauzko Turismo Bulegoaren laguntzarekin, 'Ihauteriak 2006' kartel lehiaketarako deia egin berri du. Lehiaketa honetan nahi duten guztiek har dezakete parte, inolako mugarik gabe. Hori bai, parte-hartzaile bakoitzak gehienez ere bi lan aurkeztu ahal izango ditu.
Gaia 'Zarauzko Inauteriak 2006 - otsailak 25-26' izango da, eta kartel saritua 2006ko ihauterietako kartel eta egitarauen azala izango da. Lanak originalak izango dira, hots, egileak berak sortuak eta argitaratu gabeak. Lanak teknika librea edukiko du eta DIN A-3 neurrian aurkeztuko da.
Lanek ez dute agerian edukiko egilearen izena. Kartazal itxi batean aurkeztuko dira, izenperik eta izenik gabe, baina titulu edo ikurritza duela. Kartazal horren barruan beste kartazal bat jarriko da, eta barnean, kanpoan adierazitako titulu edo ikurritzaz gain, egilearen datuak: izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia.
Otsailaren 4rako
Lanak Euskalduna Taberna (Kale Nagusia, 37) edo Turismo Bulegoan (Nafarroa kalea, 3) aurkeztu beharko dira, otsailaren 4a baino lehen.
Jatorrizko lan guztiak beren egileen jabetzapekoak izango dira, lan saridunak izan ezik. Izan ere, horiek Euskalduna Tabernaren jabetzapekoak izango dira, baita aipamenen bat lortzen duten lanak ere. Euskalduna Tabernak lan sarituak argitara emateko eskubidea izango du.
Horretaz gain, aurkeztutako lan guztiak Euskalduna Tabernan erakutsiko dira otsailaren 10etik 26ra arte gutxienez. Lan sarituaren argitalpena eta hedapena edonolako euskarritan egin ahal izango da.
Bi sari
Bi sari ezarri dira. Irabazleak 400 euro jasoko ditu eta bigarrenak, 200. Epaimahaia Zarauzko Turismo Bulegoko batzordeburuak edo honek izendatutako batek, Euskalduna Tabernako ordezkari batek -honen botoa bezeroen arteko bozkak ordezka dezake-, Artezaleak-eko ordezkariak eta Argazkizaleen Elkarteko ordezkariak osatuko dute.
Lehiaketan parte hartzeak oinarri-arau guztiak onartzea dakar. Arau hauetatik sor daitezken zalantzak interpretatu eta erabakitzeko eskubidea epaimahaiak izango du.