Duela gutxi, goiz batean, irratian politikarien arteko solasaldi bat entzuten ari nintzela, haietako batek azalpen luze bat egin zuen. Ez ziren datu zehatzak, azterketa bat baizik. Ez du orain axola zein irratitan gertatu zen hori, ezta hizketan ari zen politikariaren alderdia ere. Esan dezadan, besterik gabe, hizketan ari zenak ezkertiartzat duela bere burua.
Gauza da gizonak esan beharrekoa bukatu zuenean (luze jardun ondoren, baina lanbide horretan gutxik du korapilatu gabe hitz egiteko gaitasuna) beste solaskide batek antzeko zerbait eran-tzun ziola: guztiz oker zabil-tza, guztiz, errepikatu zuen zalantzarik gera ez zedin.
Alegia, hizlariak ez zuela arrazoi izpirik ere. Horrelako lorea jaso zuena ez zen isilik gelditu: zu zara goitik behera oker dabilena. Eta gainerako solaskideek ez zuten hitzik egin. Ezta moderatzaileak ere. Nonbait, solasaldi hartako partaide guztiek pentsatzen zuten lankide batek egindako azterketa luze batean gerta daitekeela hain zaila dirudien hori: ez egotea bertan arrazoi izpirik.
Niri, ordea, hitzaldi luzeegi hura pazientziaz eta arretaz entzun ondoren, iruditu zitzaidan politikari ezkertiarrari puntu batean baino gehiagotan ez zitzaiola arrazoirik falta, azken ondorioa okerra iruditu bazitzaidan ere.
Eta berehala pentsatu nuen agian hor zegoela gertatzen zaigunaren gako bat: ez garela besteak duen arrazoia ikusteko gauza eta, era berean, ez garela falta zaigun arrazoi izpia antzemateko gai. Uste dugula bestea guztiz oker dabilela, guztiz, eta arrazoi osoa, oso-osoa, gure eskuetan dagoela.