DONOSTIA. DV. Nikolas Zendoiak Egan dijoa liburua kaleratu du Auspoa bilduman. Lehenengo liburua plazaratu eta zazpi urtera dator bigarren hau. «Hau ere bertso liburua, hura bezala. Hau ere sentimendua eta grazia dariola, hura bezala. Hura Beranduko birigarroa, hau Egan dijoa. Biak liburu bakarra osatuz, elkarren segidako eta osagarri, izenburuak ere salatari: Beranduko birigarroa egan dijoa», dio kontrazalean Pello Esnalek.
Pello Esnal da Nikolasen idazlanak ordenagailura pasatzen jarduten dena. Urteak dira lankidetzan ari direla eta gainera biak aritzen dira DVrako kolabora- tzaile lanean, nor bere sailean. Esnalen iritziz hauek dira Zendoiaren ezaugarri nagusiak: «Hi-tzaren dohaia, arte-sena eta sentiberatasuna. Hiru ezaugarri, kultur ondare baten ispilu, eta sakoneko giza balore batzuen adierazpen bizi eta bizigarri».
Ia berrogeita hamabi urterekin hasi zen Nikolas Zendoia (Aia, 1941) bertsopaperak idazten; aitona eginda gero. Lehenengo sortarekin 1992ko Orixe saria irabazi zuen. Geroztik beste bost lehen sari handi ere irabaziak ditu: Basarri saria, 1998an; Orixe saria, berriro, 2001ean; eta Lazkao Txiki saria, 1999an, 2000n eta 2003an. Bigarren eta hirugarren sariak ere baditu hogeitaka. Jakina denez, bat-bateko bertsolaria ere bada, eta lagunarteko giroan noiznahi egiten du bertsotan.
Liburu honetako lehenengo artikulua ia prosa hutsezkoa da. Ai Judas! du izenburu eta, hain zuzen ere, bera Pello Esnalen etxean zegoela gertatutako pasadizoa kontatzen du, umoretsu.
Bertso sorta eta gainerako azalpenek oinarri beretsua dute: pasadizoren bat, Zendoiak berak gertutik ezagututako gertaeraren bat. Txikitako pasadizoak ere maiz erabili ditu bere idatzietan: Garai bateko astoak eta Garai bateko baserrietako errosarioa, adibidez. Baina badira bestelako oinarria dutenak ere; esate baterako, Ujolak naramate delakoak amets bat du iturburu.
Bost duroko txapela izeneko atalean, kontatzen du nola gaztetan (1967an) Azpeitian egin zen Gipuzkoako bertsolari txapelketa batean lehenengo tokian gelditu zen, eta txapelketa egiten zen aretora sartzeko nola sarrera (bost durokoa) ordaindu behar izan zuen. Orduan Azpeitian bizi zen, lantokia bertan zuelako. Takillako arduraduna ezaguna zuen, eta esan omen zion: «Alfredo, voy a cantar, ¿eh? Soy bertsolari». Eta besteak: «Sí, sí. Hoy todos sois bertsolaris. Por lo menos una docena de ellos me han dicho lo mismo que tú». Alferrik esan zion Nikolasek hori normala zela, ber-tsolariak hamabi zirelako. Bost duroko biletea emanda, sartu zen azkenean Soreasu aretora.