Zergekin gorabeherak

Globalizazioa negozio ona izan da diru asko dutenentzat. Oso erraza da dirua alde batetik bestera mugitzea, zerga gutxiago ordaintzeko (edo zergarik ez pagatzeko) helburuarekin

IÑIGO LAMARCA

Globalizazioa negozio ona izan da diru asko dutenentzat. Oso erraza da dirua alde batetik bestera mugitzea, zerga gutxiago ordaintzeko (edo zergarik ez pagatzeko) helburuarekin. Kapital eta zerga ebasioa (edo ihesa) kontzeptua ezagunak egin zaizkigu azken boladan. Legez kontrakoa da, eta dagokion zigorra jaso dezake hori egiten duenak. Baina bada zergen ordainketekin zerikusia duen beste kontzeptu bat: zerga elusioa edo saihestea. Azken hau legezkoa izan daiteke, baina zerga gutxi ordaintzeko aipatu bide bien arteko muga oso iluna da. Nolanahi ere, paradisu fiskalak horien giltza dira. Baita ere, nola ez, aholkularitza fiskala egiten duten zenbait abokatu bulego, banku eta abar. Esan beharra dago elusio edo ebasio fiskala egiteko erabiltzen den zerga-paradisuen muturreko bideaz aparte, beste bide leunago batzuk badaudela; adibidez, zenbait multinazionalek erabiltzen dutena sozietate zerga oso baxua den estatuetan (Irlandan, adibidez) lekutuz Europar Batasunaren barruan egiten dituzten salmentei buruzko zerga ordainketa. EBko Justizia Epaitegiak esan beharko du jardunbide horiek legezkoak diren ala ez.

Duela gutxi, kazetari talde batek (nazioarteko partzuergo batean bilduta jarduten dute), dokumentu piloa (13,4 milioi) aztertu ondoren, entrepresa, konpainia eta pertsona askoren zerga datuak plazaratu dituzte, zeintzuek azaltzen baitute zerga ebasioa edo elusioa egin dutela. Urtebetez aritu dira 67 herrialdetako 400 bat kazetari ikerketa hori egiten. Paradisuko paperak deitu diote argitara emandako informazioari (duela urtebete antzerako ekintza egin zuten kazetariok Panamako paperak deituriko operazioarekin). Beste batzuren artean Erresuma Batuetako erregina atera da paper horietan. Balorazio etikoak -eta legezko ekintzak- alde batera utziz, azpimarratu nahiko nuke Owen Jones pentsalari gazte britaniarrak esan berri duena: ebasio/elusio fiskala ordena soziala usteltzen, hondatzen ari da. Alegia, eliteek erregela batzuk dituzte, eta horien arabera, solidaritate printzipioa hautsiaz, gero eta diru gehiago ari dira pilatzen eta zerga ahalik eta gutxien ordaintzen; gainerakoentzat, berriz (hau da, gehien-gehienentzat) austeritatea da erregela nagusia, baliabide publikoek murrizketak izan behar omen dituztelako, defizita eta zor publikoa jaisteko aitzakiarekin. Eta ez hori bakarrik. Balio sozialak eta solidaritate printzipioa txikitzen badira, ahaltsuek ez badute etsenplu ematen (aitzitik, dirua paradisu fiskaletara eramaten badute)…nola arraio konbentzitu herritarrak zergak zintzoki ordain ditzaten, iruzur egin gabe?

Trump, presidente estatubatuarrak, Asian egin duen bira (eta erridikulua) eta gero, zergak jaisteko planari ekin dio, eta oraingoz ganbera baxuaren onarpena lortu du. Ustekabeko oztopo bat sortu zaio, alabaina: 400 bat milioidunek eskutitz bat plazaratu dute zergak ez jaistea eskatuz. Beste batzuren artean, George Soros edo Abigail Disney aberatsek izenpetu duten manifestuak dio AEBetako aberastasunaren %42 populazioaren %1en esku dagoela; hori horrela, gaur egungoa baino zerga kopuru handiagoa ordaindu beharko luketela diote. Zeren eta zergak jaisten badira, gastu soziala ere jaitsiko litzateke, eta AEBetan dauden desberdintasunak, gizarte bazterkeria eta babes sozialaren gabeziak itzelak dira.

Trumpek, bestetik, AEBek Kanada eta Mexikorekin duten tratatu komertziala hautsi nahi du, horrela langile estatubatuarren interesak hobeto babestuko lituzkeelakoan. Baina tratatu horrek gehiago kaltetu ditu langile mexikarrak. Hitzarmena izenpetu zen 1994az geroztik, soldata erreala (inflazioa kontuan hartuz) %22a jaitsi da Mexikon. Mexikar gazteek beren gurasoek urte horretan irabazten zutena baino gutxiago jasotzen dute soldata gisa. Bestetik, kotxeak egiten dituzten fabrika bereko langileek honako soldata hauek dituzte: orduko 40 dolar AEBetan eta 1,5 Mexikon. Kotxeen multinazionaletako langile txinarrek mexikarrek baino gehixeago kobratzen dute gaur egun. Hitz gutxitan esateko: AEBetako langileen baldintzak okerrera egin badute, are gehiago egin dute Mexikon. Zein da arrazoia? Kapitalaren eta langile-errenten arteko desoreka gehitu egin dela izugarri azken hamarkadan, lan baldintzak oro har txartu egin direlako Mendebaleko herrialde askotan. Bi datu erantsiko dizkiogu fenomeno horri. Bata: Bartzelonan egiten ari den Ouishare Fest jardunaldian azaldutakoaren arabera 2020an langileen erdiak autonomoak izango dira, merkatuak horrela behartuta, soldata oso baxuekin. Bestea: Europako Caritasek salatu du bikote gazte asko egoera oso prekarioan bizi direla; ‘sinki’ kontzeptua sortu du honako errealitate hau izendatzeko: umerik gabeko bikoteak eta soldata eskas bakarrarekin. Hau panorama!

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos