Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada

Ustelkeriaren enigma

Bai horixe ·

Ez dut ulertzen hainbeste boto emaileren leialtasun itsua

ARANTXA URRETABIZKAIA

Lunes, 29 de enero 2018, 06:24

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Askotan gertatzen zait arazo edo kontu bati buruz, dela eguneroko bizitzan, dela bizitza publikoan, ahal adina irakurrita, hamaika galdera eginda ere, ez dudala ezer ulertzen. Hainbestetan non zerrenda osoa ez bailitzateke sartuko zutabe honetan. Agian nire burmuinak ez du behar hainbat baliabide, agian ez dut nahiko lantzen dena delako kontua, agian ez dut erantzuna behar den lekuan bilatzen.

Horietako bat etorri zait aste honetan, berriz ere, gogora, niretzat erantzun argirik ez duen honako galdera: ustelkeriak egunotan eman digun enegarren adierazpenaren ondoren, nola demontre jarraitzen du hainbestek botoa PP-ri ematen? Nola jarraitu du hainbestek leial errotik usteldua dagoen alderdiari eta, bereziki, aldaezinak diruditen buruzagiei?

Duela hamarren bat urte orain epaitegietan dauden arazoak jendarteratu zirenean, pentsatzen nuen PP-rena egina zegoela, boto emaileek ez zutela kiratsa aguantatuko. Uste berdina izan nuen Prestige hondoratu zenean, txapapotea pairatu zutenek ez zutela hainbeste baldarkeria onartuko eta alderantzizkoa gertatu zen, askok eta askok berretsi egin zuen bere botoa, are kostalderik belztuenean.

Kontatu digute Galiziakoak iturburu bakarra izan zuela, gobernuak billeteekin garbitu zuela marea beltza eta dirua ez zela laguntzen jardun zuten bolondresengana heldu, beste kaltetu batzuengana baizik. Hori eta gehiago lor dezake diruak.

Ustelkeriaren kiratsa hain da jasanezina aspalditik eta, gainera, gero eta jasanezinago bilakatzen ari da, ezin dudala ulertu boto emaileen leialtasun itsua. Adituek esaten digute PP-ren boto emaile gehienak zaharrak direla, ni bezain zaharrak gutxienez, baina zahartzaroak ez dakar, berez eta ezinbestean, ustelkeriarako tolerantzia.

Esaten digute ere askok uste duela politikan dabiltzan guztiak ustelkeriak bustita daudela, edozein alderditan, hasieran zintzo zirenak ere usteldu egiten direla halako batean. Zertarako aldatu botoa, denbora gutxiren buruan denak usteltzen badira.

Esaten digute boto emaileak pentsatzen duela bera ere, ataka horretan usteldu egingo litzatekeela, baldin eta aukera hori izango balu.

Esaten digute batzuk sinetsi egiten dutela alderdia bera ez dagoela kutsatua, pertsona zehatz batzuen kontua dela lapurreta eta ustelkeria.

Eta, halere, ez dut gertatzen dena eta laster gertatuko dena ulertzen.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios