Turismoaren mendea

Pixkanaka, turistek hainbat hiriren zati osoak kolonizatu dituzte

ARANTXA URRETABIZKAIA

Turista hitza entzun edo irakurri eta gutako bakoitzari datorkio irudi bat gogora, norberaren eskarmentuaren arabera sortua. Batzuek beraien burua ikusiko dute, mundu bazter batean, ahoa mirespenaz zabaldua edo bazter guztietatik etorritako pertsonez itotzeraino inguratua. Beste batzuek autobusetatik edo itsasontzietatik ateratako pertsona uholdeak irudikatuko dituzte, agian Donostiako alde zaharrean edo Bartzelonako Ramblatan gora.

Irudia adina aldatu da errealitatea eta azken boladan, lehen onura gisa ikusten zena kezkagarri izatera heldu da. Zer da turista bat? Agian Bretainia Handian sortutako pertsona, Bartzelonan pakistandar bati Vietnamen fabrikatutako sonbreiru mexikarra erosten diona. Agian autobusean egun pasa etorri eta apenas hamar euro gastatzen duen frantziar edadetua.

Hor dago koska. Lehen dirudun gutxi batzuen eskura zegoena orain askoren helmenean dago eta horrek sortzen du kezka. Etorkinen kasuan bezalaxe, pobreek kezkatzen gaituzte, gure zerbitzuak erabili bai, baina dirua apenas uzten dutenak. Ez dio inork turista aberats bati muzin egingo. Herrialde beretik etor daitezke biak, bata pateran, bestea hegazkin pribatuan, baina ez ditugu berdin hartuko.

Duela gutxi plazaratutako txosten batek dio Bartzelonako hiritarrentzat turismoa lehen kezka dela, langabeziaren edo terrorismoaren aurretik. Olinpiar Jokoek jarri zuten Bartzelona mapan eta geroztik turisten uholdea ez da gelditu. Pixkanaka, turistak eta haientzat antolatutako negozioak zabaldu egin dira, hiriaren zati osoak kolonizatu dituzte, bertakoen kaltetan.

Venezian bezala, bartzelonar askok sentitzen du hiriaren kontrola galdu duela eta beldur hori eredu gertatu da beste hainbat hirirentzat. Ez dadila gurean Bartzelonan gertatu dena gerta, pentsatzen du hainbatek, adibidez, Donostian.

Datozela, bai, batez ere patrika diruz betea badakarte, datozela baina ez dezatela gure bizitza kaltetu. Noski, ez dira gauzak berdin ikusten taberna baten barraren alde batean edo bestean, ez ditu berdin ikusten pisua kanpotarrei alokatzen dienak edo aldameneko atean bizi denak.

Horretarako ere aukeratzen ditugu agintariak, urrunean arrisku bat antzematen denean, arriskua guregana heldu baino lehen zerbait egin dezaten.

Ez da erraza, baina norbaitek esan bazien agintari izatea erraza eta xamurra zela, engainatu egin zituen.

Fotos

Vídeos