Trukean behar luke

Ez zaitezke azaldu esku-hutsik bestearekin bat egin nahi duzula esatera

RUFINO IRAOLA

Gero eta jende gehiago ikusten dut bokazio kosmopolita aldarrikatzen. Baina munduko hiritarra izateko, lehenik nonbait konkretukoa izan behar da. Unibertsala ez dago izaterik, lehenik eta behin zure lurrean ondo finkatu ezean. Batzuek uste dute, munduko hiritarra izateko, zure ezaugarri guztiak borratu egin behar dituzula, 'tabula rasa' egin eta orduan izan zaitezkeela kosmopolita.

Uste okerragorik! Zure idiosinkrasia, kultura, hizkuntza... ezabatu ez, baizik azpimarratu egin behar dira; zenbat eta gehiago azpimarratu, orduan eta ekarpen handiagoa egiten diozu munduari. Ez zaitezke azaldu esku-hutsik bestearekin bat egin nahi duzula esatera, zerbait eraman behar duzu trukean. Unibertsalak gara, geure txikitasunean besteei zerbait originala eskaintzen diegun neurrian.

Diferenteen arteko harreman sanoa da munduan egoki kokatzeko modu bakarra. Horretarako, bakoitzak bere kultura garatu eta eskaini behar du konplexurik gabe. Eta errezeptiboak izan besteen kulturarekiko, oreka baten barruan. Problema da oreka hori askotan hilda jaiotzen dela. Kultura handiak txikia zanpatu egiten du, arrain handiak txikia irensten duen moduan.

Deskonpentsazio izugarria dago. Gu behartuak gaude beste herrialde eta erregio batzuetako abestiak entzutera, edota herrialde horietako kulturaren berri jakitera. Oso aberasgarri iruditzen zait. Baina beste herrialde eta erregio horietan ba al dago hemengo kulturaren ezaupide minimorik?

Guztiz erlazio asimetrikoa bizi dugu. Poztuko ninduke gurea beste toki batzuetan onartuxeagoa izateak. Konformatuko nin-tzateke proportzio txikiagoarekin ere, hutsa baino zer edo zer gehixeagorekin, ordea. Euskal Herriak ('Euskal Herria' diodanean, Euskal Herri kulturalaz ari naiz, zazpi probintziez).

Gauza batek ematen dit atentzioa: zergatik ez da erabiltzen argudio moduan, Euskal Herria Espainia eta Frantzia bada, hemengo kulturak ere azaldu beharko lukeela horko medioetan, beste erregio batzuetakoa hemen azaltzen den eran? Agian, politikoki jokatzen dugulako, eta jende askok «ez gara horkoak» diolako. Baita ere iruditzen zaigulako, unibertsalak izateko, gurea ez beste guztia onartu behar dugula.

Horra momenturako errebindikazio txiki polit bat: abenduaren 17an, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren Finala da, BECen, 15.000 lagun bertaratuko direlarik. Zergatik ez dute Espainia eta Frantziako telebistek egiten horren laburpentxo txiki bat, hiruzpalau minutukoa sikiera!

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos