Pentsiodunen haserrea

Adintsuak dira, baina ez daude amore emateko prest

ARANTXA URRETABIZKAIA

Asteotan, egunotan, gutxitan ikusi duguna ikusteko aukera izan dugu: milaka pertsona adindu kalean, protestan, euripean, pentsio publikoen duintasuna aldarrikatuz. Sarritan gobernuak bidali dien gutuna eskutan, bakoitzari pentsioa euro bat edo bi euro igo zaiolako harro omen dagoen ministroaren sinadura eta guzti.

Milaka eta milaka izan dira eta hedabideek erakutsi dizkiguten irudiek multzoa islatu dute batez ere. Baina multzo horren barruan pertsonak daude, nor bere bizipenekin. Eta, dirudienez, ez daude amore emateko prest.

Hor, jendartean, bere lantegian sindikatuak martxan jartzen lagundu zuen langilea dago, hamaika asanbladatan parte hartu duena, greba mingarriak egin dituena, komisaldegiak eta are kartzela ezagutu dituen langilea.

Langile horren aurrean edo atzean, erizain jubilatua dago, kalean dibortzioa edo aborta-tzeko eskubidea defenditu duen erizaina, honezkero pertsona heldu diren seme-alabak sasoian legeztatuak ez zeuden ikastoletara eraman zituena, haurtzaindegiak martxan jar-tzen lagundu zuena.

Horiekin batera ikus dezakegu kalean amnistia oihuka defenditu zuen pertsona, aspaldi hartan kartzelak hustu zituen pertsona, poliziak atzetik kolpeka ikusi eta sufritutakoa. Besotik helduta darama herri mugimendutan eskarmentu handia duen laguna, euskararen ofizialtasuna defenditu zuena, Euskal Herriko Unibertsitatearen sorrera bultzatu zuena.

Haiekin batera sorterrian galtzak jantzi zituen lehen emakumea, hilabete batzuetan zinegotzi ere izan zena, orain zortziehun eurotako pentsioa jasotzen duena. Seme-alabak langabezian dituen laguna du aldamenean, biak oihuka, biak egiten ari direnaz txundituta.

Guztiak kalean zerbait lortzea zer den ondo ikasiak. Noski, horiekin batera doaz manifestazio berdinean orain arte inolako protesta publikorik egin ez dutenak, ura lepora heldu zaien arte mugitu ez direnak. Are pentsio maximoa jasotzen duten pertsonak, askoz gutxiago jasotzen dutenekin bat eginda.

Oker daude zahartzaroak, berez, errebeldia kamusten duela pentsatzen dutenak. Ez da hori gertatuko oraingoan, pentsiodunak adintsuak dira, baina ez daude amore emateko prest. Eta gobernuak entzun du aurrerantzean ozenago egingo den garrasia. Ustekabean harrapatu ditu protestak, ustez gatibu zituen pertsonen borroka ez zuten inondik ere espero. Orain badakite zer nolako arazoa duten eskuartean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos