Neurria zero denean

Askotan, errazago aguantatzen da donutsik jan gabe, bat janda baino

RUFINO IRAOLA

Bada iragarki bat honako hau dioena: ¿A qué no te comes solo uno? Egia. Askotan, errazago aguanta-tzen da donutsik jan gabe, bat janda baino. Gauza bera gertatzen da zigarroarekin, baxoerdiekin eta beste mila gauzekin. Hara zer dioen latinezko esaldi batek: 'denek zauritzen dute, azkenekoak hil' (omnes vulnerant, ultima necat). Baina lehenengorik ez badago, ez dago azkenekorik.

«Mundua dantzan jarriko nuke, Jainkoa banintza» (Amurizaren letra) kantatzen du Imanolek. Eskertzekoa da bi artista handi horien asmo ona. Ez pentsatu, ordea, mundua dantzan ipintzeko nahi dutenik, denek, Jainko izan. Hau ere sarri entzuten da: «Ordubetez bakarrik izan nahi nikek Jainko, nik egingo nikek garbizioa!». Eta, akaso, gero ordubeterekin konformatu ez; segi egin nahi, gero eta krudelago munduari su eman eta 'berritzen'.

Behin batean, bazen idazle bat nahigabe handiz zegoena. Hark medio batean publikaturiko artikulua zetorren beste medio batean, 'hemeroteka' oharrarekin. Hura eskuan zuela, begirik kendu gabe, pentsati. Urtea aurrera zihoan eta ordurako berrogei bat artikulu izango zituen argitaratuak, eta horietako bat, bakarra, beste egunkari batean, 'hemeroteka' oharrarekin. Nik ez dut ikusten problemarik. Baina gure adiskideak, dirudienez, bai. Izan ere, gutxi iritzi zion berrogei artikulu publikatu eta bat bakarra 'hemerotekan' azaltzeari, mingarria zen harentzat, nonbait. Triste zegoen gizona. Batere publikatu ezta baino tristeago, «bat bakarra ateratzekotan batere ez hobe», esanez.

Euskaraz bada esaldi bat mundiala: «Haserretzen ez denak adiskidetzen lanik ez». Gutxi ezagutzen ditut esaldi hori baino esanguratsuagoak. Haserretzea oso erraza da, adiskidetzea, berriz, hagitz zaila. Behin zerbaitez eztabaidatzen baduzu, hurrengoan ere izango duzu motiboa. Horrela, haserre berriak sortzeko ohitura hartzen da, adiskidetzea gero eta zailago bihurturik. 'Zero haserre' izatea da ideala, baina bide horretatik azkar iristen da haserre asko eta zero adiskide' izatera. Zeren pertsona haserrekorrari liskarrak pilatu egiten zaizkio, bere buruarekin haserretzen den arte. Hori da errematea. Bere buruarekin adiskide izateari uzten dionarenak egin du! Errazagoa da behin ere ez haserretzea, behin bakarrik haserretzea baino.

Orain ulertzen dut psikologoek edozein adikzioren aurrean (jokoa, alkohola, droga, sexua...) gomendatzen dutena: probatu ere ez berriro. Egia esan, sexuarekin zalantzak ditut.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos