Muturreko eskuina EBn

IÑIGO LAMARCA ITURBE

Europar Batasunari buruz hitz egiten dugunean, estatu txikiez ahaztu egiten gara maiz. Handienak eta ‘inportanteenak’ Alemania eta Frantzia dira, eta bien arteko ardatza ondo koipetua egoteak Batasunari on egiten dio. Baina gainerako estatuen jarrerak ere garrantzitsuak dira, nahiz eta gorabehera handiak dauden horien eragiteko gaitasunean (eta ez nahitaez bakoitzaren populazio kopuruaren edo ekonomiaren pisuaren arabera). Erresuma Batuak ez zuen egon nahi izan EBren gidaritza buruan eta azkenean alde egitea erabaki du. Dibortzioak arrisku eta erronka izugarriak ditu, interes ekonomiko izugarriak daudelako eta konplexutasuna itzela delako. Irlandak Ipar Irlandarekin egungo egoera mantentzea exijitu du, alegia aduanarik ez egotea eta pertsonek eta ondasunek mugitzeko askatasuna izatea. Hasiera batean, May britaniar lehen ministroa Ipar Irlandari estatus berezi bat ematearen alde agertu da. Eskozia, Gales eta Londresek ere eskatu dute hori. Bestetik, Erresuma Batuko eliteek ez dute beren ahalmena galdu nahi baina oso zaila izango dute horri eustea EBtik at. Brexita gauza txarra da beraientzat. Badirudi britaniar gobernuaren estrategia EBko herrialdeen arteko zatiketa bultzatzea dela, “divide et impera” ideiaren arabera. Baina harrigarria bada ere EBko herrialdeek bat egin dute orain arte Brexitaren aurrean, eta Europar Batzordea erabiltzen ari den estrategia, Barnier komisario eraginkorraren eskutik, ez dute ezta Londresen aliatu gertukoenek ere (Holandak, adibidez) kritikatu.

Edozein modutara, estatu bakoitzak bere interesak defenditzen ditu, ekonomikoak bai eta indarrean dagoen gobernuaren interes politiko-elektoralak ere. Holandako gobernuburua den Mark Ruttek, adibidez, argi eta garbi esan du ez dutela EBk eskuduntza gehiago izatea nahi. Batez ere etorkinen gaineko politiketan (eskuin muturraren eragina oso handia da herrialde horretan), baina ezta ekonomiari edo monetari dagozkien alorretan ere. Italiako zentro-ezkerreko gobernuak proposamen interesgarriak eta berritzaileak egin ditu Eurogunearen barnean elkartasuna indartzeko helburuz: eurobonoak sortzeko idea berriak mahaigaineratu ditu eta desenpleguari buruzko aseguru europar bat proposatu du. Macron frantziarrak begi onez ikusiko ditu seguruenik ideia horiek, Eurogune eta EB sendoagoen alde ari baita jo eta ke, baina nire ustez ez dira aurrera aterako, EBko estatu gehienetan nagusi diren haizeek beste norabide bat dutelako: EBrekiko eta Europaren eraikuntzarekiko mesfidantza eta estatuen ahalmenak eta eskumenak mantentzea edo indartzea. Horrela pentsatzen dute ekialdeko estatu guztiek, baina baita iparraldeko edo mendebaldeko eragin handiko zenbait herrialdek ere: aipatutako Holandaz gainera, Finlandia, Suedia, Danimarka…edo Austriak.

Austrian, hain zuzen, gobernu berria eratu da: eskuin kristau-demokraten eta eskuin muturreko populisten arteko koalizioak gobernatuko du herrialde hori, 31 urteko Kurz kantziler oso kontserbadorearen gidaritza pean. Errefuxiatuen eta etorkinen aurkako jarrera gogorra izango du gobernu berriak, eta EBren garapenari freno handiak jarriko dizkio. Deigarria da Bruno Kreisky sozialdemokrata historikoaren manatu pean urte askotan egon zen Austriak nola jo duen muturreko eskuinera. Eta deigarria da, halaber, inperio austrohungariarraren barruan lehen eta komunismo sobietarraren eremuan gero egondako herrialde gehienek nola besarkatu dituzten eskuin populista eta ultranazionalistaren ideak. EB indartzearen aurka daude herrialde horiek. Garapen ekonomikoa, segurtasuna eta beren programa politiko-ideologikoak gauzatzea dituzte helburu estatu horietako gobernuek. Halere, programa horiek batzuetan EBren printzipioak eta arauak urratzen dituzte. Esaterako, Poloniako gobernuak, zeinak Botere Judizialaren independentzia murriztu nahi baitu; EBk zigor espediente bat zabaldu dio.

Estatuen ahalmena eta eskumenak mantentzeko jarrera, dena den, uhin bilakatzen ari da EBren barruan. Alemanian, duela gutxi egindako hauteskundeak eta gero gertatzen ari dena esanguratsua da. Merkelek ez du lortzen gobernu berria eratzeko apoio nahikorik, eta, inkesten arabera, ahultzen ari da bere irudia. Esango nuke bere bizitza politikoak ez duela asko iraungo. Alderdi sozialdemokratak koalizio berri bat osatzeko baldintza oso europeistak jarri dizkio. Segur aski berak ontzat emango lituzke, baina bere CDU partiduan eta horren anaia den CSU bavariarraren barruan presio handiak ditu etorkinei buruzko politika gogortzeko eta, era berean, EBren bilakaerari dagokionean frenoa jartzeko. Eta Espainia non dago EBren mapan? Ez da agertzen. Lotsagarria eta kezkagarria da espainiar gobernuaren ikusezintasuna Europan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos