Makillajea politikan

IÑIGO LAMARCA ITURBE

Hasi dira Hego Koreako PyeongChang-en Neguko Olinpiadak. Jakina denez, Ipar Koreak eta Hego Koreak akordio batzuk adostu dituzte joko olinpikoetan zenbait ekintza elkarrekin egiteko. Batzuek diote Korea bien arteko harremanak hobetu egingo direla akordio horiek zabaldu duten bidea urratuz gero. Baliteke. Ez da zaila izango zeren eta harreman horiek hutsaren hurrengoa direnez gaur egun (oraindik ez dute bake tratatua firmatu 1953an bukatu zen gerra eta gero), edozein pausu txikik dezente hobetuko bailituzke harreman horiek. Moon Jae-In presidente hegokorear progresistak hori nahi du, baina herrialde horren aliatu estua diren Estatu Batuek ez dizkiote gauzak erraz jarriko Mooni. Ezaguna da Trump autoritarioak eta Ipar Koreako presidentea den Kim Jong-Un diktadore komunistak mehatxu oso larriak jaurti dizkiotela elkarri eta batek baino gehiagok gerra danbor hotsak entzun ditu mehatxu horietan. Baina nago gerra ez zaiola inori interesatzen, ez AEBei ezta Ipar Koreari ere, eta are gutxiago Hego Koreari, Txinari edo Japoniari.

Hego Korean mutilak aurpegia makillatzen hasi dira. Modatan jarri omen da joera hau, eta gero eta mutil gehiagok erabiltzen ditu han orain arte emakumeen eremukoak ziren pinturak, hautsak eta produktuak, aurpegia apaintzeko eta edertzeko. Fenomeno honek badu antza (baina ez dira gauza bera) Tokion geratzen ari den beste batekin: jendaresu-kei joerarekin hain zuzen. Han (Harajuku barrutian batez ere), generoak gainditzeko helburuz majina bat mutil zein neska generoen rolak saihestuz janzten eta makillatzen dira. Gauza interesgarriak ari dira gertatzen munduaren zentroa izateko bidean den erregio handi hartan.

Trumpen aholkulariek badakite Txinak gero eta pisu eta indar handiagoa duela (eta bere ondoko zenbait herrialde, Hego Korea tartean, gero eta ahaltsuagoak direla). Baina haiek ez dute burutik kendu nahi lehen superpotentzia direla eta estatus horri heldu nahi diote edozein modutara. Baina mundua gero eta multilateralagoa da (aspalditxo amaitu zen AEB eta SESBen arteko bilateralitatea). Gai gatazkatsuetan lauzpabost potentzia handi edo ertainen eskuhartzea ari da gertatzen (Sirian oso nabarmenki ari gara hori ikusten). Europar Batasuna ez da inola ere ez potentzia indartsua nazioarte mailan. Europar estatu handiak dira oraindik protagonistak. Macron presidenteak Frantziaren papera indartu nahi du eta bidez batez EBren izenean aritu, Merkelen baimenarekin noski. Duela gutxi Txinan egon da eta badirudi harrera oso ona egin ziola Xi Jinping presidenteak. Ez zuen horren ona izan, antza, May Erresuma Batuko lehen ministroak. Brexit delakoa asko ari da ahultzen estatu horrek nazioarte mailan zuen eragiteko ahalmena.

Trumpen harropuzkeriak antzerki-izaera puntu bat baduela irakurri nion aurreko batean analista bati. Alegia, bere ahuleziak, arazoak eta egin nahi dituen politika batzuk estaltzeko antzerkia egiten duela; horretarako, Far West-eko handiputzaren papera hartu du Twiterren. Bide batez, diskurtso ultranazionalista baten bidez, bere hautesleria (eta gizarte osoa) tentsionatuta -eta polarizatuta- mantendu dezake. Egiaztatu daitekeena da, Trumpen jarduerei bagagozkio, nazioarteko politikagintzan ez duela inolako koherentziarik eta ez duela ekintza positibo bakar bat burutu. Nolanahi ere, armei buruzko aurrekontua izugarri igo du. Zertarako? Armak saltzeko, zalantzarik gabe, eta edozein modutara armagintza industriako jabeak gehiago aberasteko. Hauxe da, hain zuzen ere, bere politikaren helburu nagusia: bere negozioen interes ekonomikoak, lehenik, bai eta AEBetako oligarkia ekonomikoarenak ere, ondo babestea. Enpresei zergak nabarmenki jaitsi dizkie eta armen ekoizpena asko indartu nahi du. Diru eta etekin ekonomiko gehiago gu eta gutarrontzat. Hori da Trumpi benetan inporta zaiona.

Makillajea da baita De Guindos espainiar ministroa Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteorde izatea Espainiaren interesentzat onuragarria izango dela esatea. Alemaniaren apoioa izango du hautatua izateko. Postua lortzen badu, soldata oso altua eskuratzearen truke haren aginduei men egin beharko die, eta ondorioz interes tasak igotzeari eta EBZaren laguntza bereziak bertan behera uzteari baiezkoa eman beharko dio. Bi neurriok Espainiarentzat (bere zor publikoarentzat batez ere) oso kaltegarriak izango lirateke. Merkelek, bestetik, oso ondo makillatu du SPDrekin koalizio gobernua egiteko lotu duen akordioa. Ogasun ministerioa sozialdemokratei emango die, baina horiek Jens Weidmann belatz ultraortodoxoa apoiatu beharko dute EBZeko presidente izateko Draghiren ordez. Hori gertatuz gero, EBZaren politika dezente alda daiteke. Hori da Alemaniako CDU/CSUren helburu nagusia. Europa hegoaldeko estatuentzat oso berri txarra izango litzateke.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos