'Kontzientzia txarra'

Gauza horiek beti dira komatxoa artean ipintzekoak

RUFINO IRAOLA

K ontzientzia txarra'. Gauza horiek beti dira komatxo artean ipin-tzekoak. Nor gara gu inor epai-tzeko? Blesa jaunaren heriotzaren aurrean batzuek diotena esateko? Hipotesi gehienen arabera bere buruaz beste egin du. Baina ez ahantzi edonork egin lezakeela hori. Adituek diote, %99,99, kasuetan gaixotasunaren (depresioaren) ondorioa izaten dela.

Batzuek, ordea, kontzientzia txarrari atxikitzen diote, askotan, errua. Ni ez naiz hor sartuko. Jauzi handia egin eta benetako kontzientzia txarraren historia batera pasatuko naiz, nahiz eta, denboraz eta gertaeraz, arrunt urrunduko naizen. Julian Grimau aipatu nahi dut; besteak beste, hura delako nire kontzientzia politikoa esnarazten lagundu zidana. Aurrekari horrekin, jendeak ulertuko beharko luke zergatik ez naizen batzuk bezain abertzale sutsua edo abertzale hutsa.

Hamazazpi urte nituen. 1963a zen. Gure ama Jenovevak, etxeko leiho eta ate guztiak itxirik, 'Radio Pirenaica' edo 'Radio París' ipintzen zuen. Han entzuten genituen Espaniako notizia politikoak. Atzo goizean esan izan balute bezalaxe dauzkat gogoan Julian Grimauren atxiloketa, tortura izengabeak (leihotik behera bota) eta hilketa, noski 'Radio Pirenaicako' esatariaren ahotsean, ahots sakona eta eraginkorra.

Gertaera bakoitzak beti du mami asko eta, mami asko duen eran, tintontzian gauzak uzteko arriskua. Zenbaitetan, orain bezala, propio dago utzi beharra. Gainerako kronika baztertu eta kontzientzia txarrari ildoari lotuko gatzaizkio, Grimauren 'exekuziotik' hasita.

Baina etena dezente izango da. (...) Julian Grimau kaperan zegoen, 'exekuzio' aurreko orduetan, bere abokatuaren konpainian, araudi miliarrak agintzen duen eran. Apirilaren 20an, goizeko 5ak aldera trasladatu zuen furgoneta tiro-tokira. Printzipioz Guardia Zibilari agindu zitzaion pelotoia osatzeko, baina mandoek uko egin zioten, esanez Guardia Zibilari gorpuen zaintza baino ez zegokiola. Madrilgo kapitain jeneralak ere ez zuen onartu karrerako militarrez pelotoia osatzea. Badirudi, azkenean, Francok berak agindu zuela osa zezatela pelotoia errenplazoko soldaduez. Testiguen arabera, 27 disparo egin zizkioten, eta ez zuten lortu hiltzea. Hori horrela, kapitain abokatuaren protestapean, pelotoiaren buru egiten zuen tenienteak eman behar izan zizkion bi tiro buruan. Geroago, 'exekutatuaren' familiari aitortu zionez, ekintza horrek bizitza osoan pertsegitu zuen; hain zuzen, teniente horrek psikiatriko batean amaitu zituen bere egunak.

Fotos

Vídeos