Gorrotoa lege

Auskalo noiztik barruan duten gorrotoa hitzez adierazten dute

ARANTXA URRETABIZKAIA

Hogeita koska lagun waxap talde batean, gazteak baino nerabezarotik urrun, eskolatuak, gizonezkoak, andaluziarrak. Haietako batzuk emakumeei buruzko zentzugabekeriak idazten dituzte hasieran, mehatxuak ondoren, norgehiagoka zoro batean, nork botako handiena.

Taldeak bortxaketak ditu hizpide, zehazkiago, taldean egindako bortxaketak, hiruzpalau gizon eta, ahal dela, drogatutako emakume bat, gizonen arteko sexuak emakume bakar baten bitartekaritza behar balu bezala. Zuzenean egitera ausartzen ez direna bitartekari horrek zilegi bilakatuko balu bezala. Nahiago taldean emakume lodi batekin larrua jo, bakarka emakumerik ederrena baino. Taldea da funtsezkoa, ez bitartekaria.

Gainerakoak ez dira asaldatzen, ez dute jarrera hori kritikatzen, azken batean, txantxetan ari dira eta ez da lehenengo aldia. Txantxetan esan ohi dira, ordea, seriotan ezin bota diren egiak. Gehienek txantxa doinuari jarraitzen diote, anestesiatzaileak aipatzen dituzte, etorkizunean egingo dituzten ehizaldiak irudikatzen dituzte.

Antzeko talde bat, lehengotik ehunka kilometrotara. Handiagoa kasu honetan, ehundik gora partaide, denak gizonak, denak gazte izena galtzeko zorian, denak poliziak, zehazkiago, udaltzainak. Bazkalondo bero batean edo agian ordu txikietan, auskalo noiztik barruan duten gorrotoa hitzez adierazten hasten dira.

Batek etorkinak suntsitu, akabatu nahi ditu. Besteak udalaren buruzagi nagusia den alkatea iraindu nahi dute, zaharra dela, hilda egon behar lukeela. Hurrengoak kazetariak ditu jomuga, haien kontra egin nahi luke. Beste batek Hitler goraipatzen du. Guztiek jasotzen dituzte txaloak.

Kasu honetan, ordea, taldeko kide batek gelditzeko esaten die, idazten ari dena guztiz desegokia dela esaten die. Eta saldoak eraso egiten dio lotsagabeari, esaten diote eskura dutela ahots desatsegin hori itzaliko duen norbait, hiru mila euroren truke lotsagabea akabatuko duen norbait.

Guztia idatziz, guztia harridura markaz josia, entzuten ez diren garrasiz betea. Biak hemendik urrun. Lasai egon gaitezke oraingo honetan, besteak dira, ez gureak. Hemen apenas gertatzen diren bortxaketak, hemen ez dugu ikusten gizon saldo bat emakume bakar baten kontra, gizonak ez badira hegotik etorriak, noski. Hemen irainak botatzen dituenak berehala aurkitzen du isilaraziko duen norbait.

Hemen, paradisuan bizi gara.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos