Euskara batua

Milaka euskaldun hizkuntza bat hogeigarren mendera egokitzen

ARANTXA URRETABIZKAIA

Datorren urtean beteko da mende erdia Arantzazun euskara batuak lehen pauso ofizialak eman zituenetik. Ez zen lehenengo saioa, baina aurrekoek ez zuten aurrera egin, ez zuten inguruan behar adina indar bildu edo handiegiak izan ziren oztopoak, gerra bera barne.

1968koaren oihartzuna, ordea, ez da gure belarrietatik ezabatu. Ikusten dituzu egun haietan egindako argazkiak eta dagoeneko euskaldun guztion aldarean dauden pertsonak ikusten dituzu, tartean gonadun asko baina emakume gutxi. Ez zekiten, seguru aski, noraino jarraituko zuen zabaltzen ari ziren bideak.

Ez zekiten, batez ere nolako etsaiak aurkituko zituzten. Etsaiak, ez arerioak edo, besterik gabe, iritzi desberdineko pertsonak. Ordurako finkatua zegoen gure artean desberdin pentsatzen duena etsai bilakatzeko jarrera maltzurra. Borondaterik zintzoenaz pentsatzen bazenuen euskararen iraupenak jai zuela euskara batzen ez bazen, hainbatentzat etsai bilakatzen zinen, etsaigo horrek mozorro desberdinak bazituen ere.

Mitxelena, Aresti, Txillardegi, Villasante eta beste gutxi batzuk berehala bildu zuten inguruan gazteria gehiena, kultur eragilerik nagusienak, irakasleak, armarik gabeko armada handia osatu arte. Gutxitan bezala, milaka euskaldun gudaroste diziplinatua osatzen, Euskaltzaindiak altxatu zuen ikurraren atzetik, hizkuntza bat hogeigarren mendera egokitzen.

Ez da askotan gertatu, baina kasu honetan gertatu zen. Euskaldunon arteko hamalau urtetako liskar garratza, sortu berria zen Jaurlaritzak itzali zuen, euskara batuaren alde egin zuenean. 1982. urtea bukatu baino lehen gertatu zen, duela hogeita hamabost urte. Garaikoetxea zen lehendakari eta legearen aita Pedro Miguel Etxenike.

Gehienbat gobernuaren ardura zuen alderdiaren kontra hartutako erabakia izan zen, erabaki ausart bezain salbagarria. Handik aurrera euskara batuak gutxitan erabiliko zuen abizena, euskara estandarra zen eta kito, gaur egun hezkuntzaren maila guztietan, hedabideetan, literaturan eta bizi-tza publiko osoan erabiltzen den euskara.

Lehen pausoa eman du egunotan Gipuzkoako Aldundiak Ibon Sarasolari Abadia saria emanez. Ikusiko ditugu datozen hilabeteetan nola aitortzen zaien Arantzazuko haiei eta ondorengo batzuei duela mendi erdi egindako lana. Euskaldun guztiok gaude zorretan pertsona haiekin, are urtetan haien kontra sutsuki jardun zutenak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos