Europatik at

Ekialde Ertain eta Hurbileko egoera oso ezegonkorra da eta edozein momentutan gerra berri bat sor daitek

IÑIGO LAMARCA

Gutariko asko Somaliako egoeraz interesatzen hasi ginen 2009an pitara batzuek Alakrana itsasontzi euskalduna bahitu zutenean. Bahiketak iraun zuen 47 egunak ikaragarriak izan ziren marinelentzat. Ikaragarria izan da, halaber, atentatu terrorista batek eragin dituen hildakoak (300 baino gehiago) eta zaurituak hango hiriburua den Mogadiscion. Komunikabideek jaso zuten berria baina egun bat baino gehiago ez du iraun egunkari eta telebistetan, tamalez. Erailketa masiboa Al Shabab talde jihadista estremistari leporatu diote. Biktimak musulmanak izan dira, herrialde hartako populazioaren %98a baino gehiago islamista sunia baita. Somalia porrot egindako estatutzat jotzen dute analistek, estatuaren egiturak oso ahulak direlako. Al Shabab taldea (zeinak herrialdearen zati bat kontrolatzen duen) Al Qaedarekin lotuta dago. Badirudi bere xedea dela estatu islamista bat sortzea Somalian, islamismo suniaren oso muturreko adarra den wahabismoaren araberakoa (gogoan izan dezagun Saudi Arabia dela nagusiki aipatu erlijio/ideologia hori elikatzen duena). Somaliak posizio geoestrategiko inportantea du. Afrikako adarra deitzen den gunean dago eta Itsaso Gorriko sarreratik gertu dago.

Turkiak berehala eman dio laguntza Somaliari. Harreman estua dute elkarren artean. Turkiak eragin eta harreman gero eta handiagoak izan nahi ditu Afrikan eta Asian, Europar Batasunaren ateak itxi zaizkion honetan. Somaliak gas, petrolio eta mineral erreserba handi samarrak ditu. Erdoganek bere agintea indartu duela dirudi eta inolako disimulurik gabe bere helburu politiko-ideologikoak gauzatzen ari da. Atatürkek eraikitako Turkia modernoa eta laikoa txikitzen ari da, eta islamismo itxienaren balioak ari da ezartzen gizartean eta eskoletan, emakumeen berdintasunaren aurkako neurriak hartuz, esaterako (emakumeek senarrari obeditu behar diotela ari dira eskoletan erakusten). Bestetik, Erdogan obsesionatuta dago kurduekin, eta Turkia barruan haien aurkako sekulako errepresioa eragiteaz aparte ez du inola ere ez Siriako eta Irakeko kurduek autogobernu handiagoa lortzea nahi, eta ahalegin handia egiten ari da horretarako.

Hain zuzen ere, Iraneko presidentearekin elkartu da arestian. Estatu bien arteko etsaitasuna ezaguna da, baina horren gainetik interes komun batek lotu ditu: Estatu kurdu baten sorrera ekiditea. Irakeko populazioaren heren bat kurduak dira eta erregio autonomo bat dute onartua iparraldean. Duela gutxi entitate horren presidentea den Barzanik independentziaren aldeko erreferendum bat antolatu zuen (Irakeko gobernuak legez kontrakotzat jo zuena) eta %92ak alde bozkatu zuen. Baina inork ez du independentzia hori errekonozitu; hori ezean, independentzia aldarrikatzea hutsaren hurrengoa da. Are gehiago, Irakeko Armadak Kirkuk herria hartu du Kurdistaneko gobernu autonomoari mehatxu abisua bidaliz (herri inportante horretan kurduak nagusi dira baina ez dago gobernu kurduaren lurralde esparru barruan). Kurduen eta arabiarren arteko gerra sor liteke Iraken baina nire pronostikoa da ez dela hori gertatuko Iranek akordio bat eragingo duelako. Kurduen alde inor gutxi ari da: Estatu Batuak (ISISen aurkako gerran erabakigarriak ari dira izaten), eta Israel. Estatu bi horien helburu nagusia Iranen eragina (Libanoraino iristen da) moztea eta ahultzea da. Trumpek asko kostata lortu zen energia nuklearrari buruzko akordioa bertan behera utziko duela agindu du baina ez dago batere argi Kongresuak horretarako baimena emango dionik.

Nolanahi ere, Ekialde Ertain eta Hurbileko egoera oso ezegonkorra da eta edozein momentutan gerra berri bat sor daiteke. Gauza batzuk egiazta daitezke, dena den. Turkia Asiara begira jarri dela, batetik. Errusia, Saudi Arabia eta Israelekin harremanak hobetzen eta estutzen ari da eta potentzia erregional ahaltsua bilakatzen ari da. Bestetik, Israeleko gobernua pixkanaka Zisjordania kolonizatzen ari da eta lortuko du, zoritxarrez eta Nazio Batuen ebazpenek diotenaren aurka, Estatu palestinarra ez eratzea. Ez behintzat NBEk ontzat emandako mugekin. Zisjordania palestinarra eta Gaza Hegoafrikako Lesoto eta Suazilandia bezala gera daitezke: agian «subiranoak» formalki, baina Israelen menpeko. Munduko leku horretan Estatu Batuen eragina ahultzen ari da eta Europar Batasunak ez du ezer pintatzen. Hori horrela,

Txinan Partidu Komunistaren XIX. Kongresua ari da ospatzen, non Xi Jinping presidenteak erabateko agintea lortuko duen seguruenik, aurretik lehiakide guztiak eliminatu eta gero. Txina munduko lehenengo potentzia bilakatzeko bidean da eta horrek ezinbesteko tentsioak sortuko ditu. AEBkin tirabira handiak izan ditu, baina oraingoz ez da arazo larririk lehertu.

Fotos

Vídeos