erronka nagusiak

Bi gailur politiko inportante izan dira aste honetan Europan

IÑIGO LAMARCA

Bi gailur politiko inportante izan dira aste honetan Europan. Joan den asteartean Planeta Bat (One Planet) izeneko bilerak zenbait mandatari elkartu ditu Macron Frantziako presidentearen batutaren pean, ingurugiroari buruz hitz egiteko. Duela bi urte hitzarmen garrantzitsu bat izenpetu zuten ia 200 herrialdek frantziar hiriburuan atmosferari egiten zaizkion isuri kutsatzaileak gutxitzeko. Jakina da Trumpek hitzarmen horretatik alde egitea erabaki duela arestian. Macronek adierazi du klimaren aldaketaren aurkako borroka galtzen ari garela, eta ez zaio arrazoirik falta. Antonio Guterres Nazio Batuetako idazkari nagusiak, berriz, jakinarazi du joan den urtean karbono dioxidoaren igorpenak igo egin direla hiru urteko geldialdia eta gero. Halaber, mendearen bukaeran tenperatura bi gradu ez igotzeko konpromisoa betetzea oso zaila izango dela erantsi du. Bistakoa da klimaren aldaketa gertatu dela jada, eta haren ondorioak jasaten ari gara. Neurri zorrotzak ez badira hartzen hondamen handiak ikusiko ditugulakoan nago. Zorionez, ingurugiroaren gaineko kontzientzia gero eta handiagoa da. Ondorioz, 50 estatu eta gobernu-buru elkartu dira Parisen, baita Kaliforniako gobernadorea ere. Pariseko hitzarmenaren arabera, 100.000 euroko inbertsioa egin behar da bost urtetan. Zalantzagarria da konpromiso hori (gutxiegi izanik) beteko den. Europako Batasunak (EBk) hitza eman du datorren urteko martxoan egingo duen gailur berezi batean karbono dioxidoa 2030rako %40an gutxitzeko neurriak hartuko dituela. Ea betetzen duen hori.

Hiru erronka oso garrantzitsuak ditu, nire ustez, EBk epe motz, ertain eta luzera (euroa ondo finkatzeaz aparte) eta, ondorioz, plan estrategikoak eta politika publiko iraunkorrak eta elektoralismorik gabekoak behar ditugu. Horietako lehena, aipatu dugun klima aldaketaren aurkako borroka da (eta ingurugiroa zaintzearen aldekoa). Beste bat, behin eta berriro azpimarratu dugunez, desberdintasun sozialen aurkako europar politikak abian jartzea da, estatu sozialari eta enpleguari inpultsu sendoak emanez. Eta hirugarrena etorkinei buruzko politika europar positiboak eta integratzaileak burutzea da.

EBko estatu eta gobernuko buruak Europar Kontseiluaren bileran elkartu dira joan den ostegun eta ostiralean Bruselan. Eurogunea eta euroa indartzea izan zuten lehenik mintzagai. Hitz asko baina emaitza gutxi. Alemaniak eta bere aliatu estuenek (Holanda eta Finlandiak, nagusiki) ez dute aurrerapauso nabarmenik eman nahi, eta nolanahi ere Alemaniak gobernu berria izan arte ez da inolako funtsezko erabakirik hartuko. Bestetik, immigrazioari buruzko politikak aztertu zituzten. Aurretik, Kontseilu horretako presidentea den Donald Tusk poloniarrak polemika handia sortu zuen eskutitz batekin, Europar Batzordeak ezarritako errefuxiatuak banatzeko kuotak auzitan jarri zituelako. Ez da lehenengo aldia Kontseiluaren eta Batzordearen artean tirabirak sortzen direla. Kontseiluak gobernuen (estatuen) arteko negoziaketen bidez hartzen ditu erabakiak, eta Tusken zeregina, hain zuzen, estatuen interesak uztartzea edo adostea da. Europako Batzordea, berriz, autonomoa da eta Europar Parlamentuari lotuago dago. Juncker presidenteak protagonismo handiagoa eman nahi dio hari. Batzordeko presidenteordea den Avramopoulusek gogor kritikatu zuen Tusken karta. Azkenean, bilera horretan ere, hitz asko eta emaitza gutxi.

Italian txosten interesgarri bat argitaratu da Sabrina Prati ikertzailearen eskutik. Horren arabera etorkinak behar-beharrezkoak izango dira demografia, ekonomia eta pentsioak sostengatzeko. Jaiotza-tasa 1,34koa da han. 65 urte baino gehiago dituztenak %22 dira, eta 15 urte baino gutxiagokoak, aldiz, %13,7. Txosten horrek ere dio etorkinek Italiako seguritate sozialaren sistemari urtean 8.000 milioi euroko ekarpena egiten diotela (eta 3.000 milioi euroko prestazioak jasotzen dituztela). OCDEk pentsioei buruz plazaratu duen txosten baten arabera, Espainian 2050ean lan egiteko moduan egongo diren eta erretiroa hartuta izango duten pertsonen arteko aldea 100/76koa izango da. Datu hori izugarria da, zalantzarik gabe. Baina bestetik Espainiako Bankuaren aurreikuspenek diote etorkinen kopurua bikoiztu egingo dela aipatu urterako Alemanian, Frantzian, Italian eta Espainian. Ekonomiaren beharrak zeintzuk izango diren jakitea oso zaila da. Dena dela, nabarmena da biztanleria aktiboaren tasa igo egin beharko litzatekeela. Kualifikazio gutxiko lan asko (pertsona nagusiak zaintzea, adibidez) etorkinek beteko dituzte. Baina bestetik lanpostu kualifikatu asko galdu egingo dira teknologiaren aurrerakuntzen eskutik. Eta beste asko prekarizatzen ari dira, gazteak direlarik horren kalteak jasaten ari direnak. Epe ertainera begiratuko duten enplegu-politikak behar ditugu, lana banatzea helburu izango dutenak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos