EB ekialde hurbilean

IÑIGO LAMARCA ITURBE

Duela egun batzuk elkar joka aritu ziren Hannoverreko aireportuan turkiar talde bat eta kurduen beste bat. Azken hauek Turkiako aire-konpainiaren aurrean ari ziren protesta egiten eta turkiar bidaiari batzuek haiei aurka egin zieten. Turkiar jatorria duten asko bizi dira Alemanian. Kurdu asko ere bai. Protestaren arrazoia hauxe zen: Turkiako armada, Erdogan presidente ahaltsuaren aginduz, Sirian sartu da, hango kurdu talde baten aurka gerran aritzeko. Jakina da kurduak lau estatutan daudela kokatuta: Turkian, Iraken, Iranen eta Sirian. Estatu propio bat izateko promesa egin zieten I Mundu Gerra eta gero eta horrela jaso zen Sèvres tratatuan, baina hori ez zen inoiz bete. Turkiak terroristatzat dauka Öcalan buru duen PKK alderdi kurdua, hari lotutako HPG taldeak indarkeria erabili duelako. Erdoganek dio Siriako gerra zibilean parte hartzen ari den YPG talde kurduak PKKri laguntza ematen diola, eta ez duela onartuko inola ere ez YPGk entitate politiko erdi independentea egituratzea Siriaren iparraldean (Turkiarekin muga eginez), Irakeko kurduek egin duten bezala. Ondorioz, Turkiako soldaduak Sirian sartu dira eta Afrin hiria ari dira erasotzen.

Ekintza horrek zenbait ondorio negatibo izan ditu. Batetik, Turkian nazionalismo estremistak bultzada berri bat izan du, eta horrek haizatu egin du Erdoganen errepresioa. Ehun bat lagun (kazetariak, idazleak eta abar) atxilotuak izan dira Afrinen aurkako ekintza militarra kritikatzeagatik. HDP kurduen aldeko Turkiako alderdiak (laugarren indarra hango Parlamentuan) kritikatu egin du ekintza hori (bakarra izan da) eta manifestazioak deitu ditu, zeintzuk debekatuak izan baitira. Oso kezkagarria da Turkiako barne egoera. Erdoganek oso indartua sentitzen du bere burua eta beste aurrerapausoa eman du Turkia parametro geoestrategiko berrietan kokatzeko. Oso haserre dago Europar Batasunarekin, hor sartzeko ateak itxi zaizkiolako. Halaber, nahiz eta NATO/OTANeko partaide izan, gogor kritikatu ditu Estatu Batuak YPG taldeari ematen dioten laguntzagatik. Erdoganek aliantza gero eta estuagoa dauka Putinekin, eta Ekialde Hurbilean potentzia inportantea izateko ahaleginetan dihardu. Sirian noizbait bakea lortzen bada, Turkiak onespena eman beharko dio hari. Nago Assad diktadore ankerrak agintean jarraituko duela eta ISISen aurkako gerraren aitzakiarekin oposizio demokratikoa (udaberri arabiarra deitu izan zena bultzatu zuena) txikitzen jarraituko duela. Eta ea zer gertatzen den Siriako kurduekin. Estatu Batuek ez dute protesta handirik egin. Europar Batasuna isilik dago.

Assadi jarriko dioten baldintza Israelen politika auzitan ez jartzea izango da. Ez dut uste asko kostako zaionik. Azken finean, Israelen aurka gerran aritu diren estatu arabiarrak (Egipto, Jordania eta Siriak) beren interesak lehenetsi dituzte beti palestinarrei apoioa ematearen gainetik. Esanguratsua izan da Estatu Batuek enbaxada Jerusalenen lekutzeari buruz hartu duten erabakiaren aurrean gertatutakoa: ez da estatu arabiar bakar bat egon haiekin harremana hautsi duenik, edo benetako protesta sendorik egin duenik. Alemanek ‘realpolitik’ deituko diote segur aski horri. Nolanahi ere, egiaztatu daiteke palestinarrak oso bakarrik daudela.

Netanyahu israeldar lehen ministroa Nazio Batuek onartu zuten bi estatuen soluzioa erabat txikitzen ari denean, Osloko akordioak pikutara bidali ondoren, Zisjordanian kolonoen asentamenduak sutsuki apoiatzen ari denean, inork ez dio serio aurka egiten. Trumpen erabateko babesa dauka eta Europar Batasunak egiten dituen protestei muzin egiten die. Trump eta Netanyahuk (oso ondo konpontzen dira beren artean) honako plan hau dute palestinarrentzat, nire iritziz: independenteak izango ez diren bi sasi estatutan (Gaza eta Zisjordaniaren zati bat) itxi palestinarrak, kontrol militar eta politiko zorrotza ezarriz haien gainean.

Palestinako buruzagiei soluzio hori inposatu nahi diete. Trumpek mehatxu egin dio Abas Palestinako Agintaritzako presidenteari, ez duelako Pence estatubatuar presidenteordearekin elkartu nahi izan. Mehatxua laguntza ekonomikoak kentzea da. Joan den astean Nazio Batuetako UNWR agentziari (zeinak errefuxiatu palestinarren alde diharduen) 65 milioi dolar ukatu dizkio eta aldi berean jakiak erosteko 45 milioi gehiago kolokan jarri ditu. Argi dago erabaki horien bidez ito egin nahi duela Agintaritza Palestinarra, horrek men egin diezaion aipatutako plan ezkutuari.

Deigarria izan da John Kerry, Obamarekin kanpo harremanetarako Estatu idazkari izandakoak Abasi bidali dion mezua: ez ezazu amore eman; bi urte barru beste presidente bat egon daiteke AEBetan. Nolanahi ere, EBren ahulezia politikoa nazioarte mailako arazoetan oso nabarmena eta kezkagarria da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos