Low cost

Lehiakortasunaren izenean, enpresa askok lan kostuak (hots, soldatak) asko gutxitu dituzte

IÑIGO LAMARCA

Ondo dakigun bezala, izugarri zabaldu da 'low cost' ingelesezko esamoldea kostu edo prezio baxua duten zerbitzuak edo produktuak izendatzeko. Uste dut hegazkin konpainien eremuan sortu zela eskaintza hori. Bidaia-tzea ez da gaur egun, zorionez, eliteen eta dirudunen esku bakarrik dagoen aukera, baizik eta hori demokratizatu egin da eta edonori gustatzen zaio munduan barrena bidaiatzea turista gisa. Hegazkin-konpainia berriak sortu dira (eta gainerakoak zaharberritu egin dira) prezio merkeak eskainiz, ondorioz bidaiatzeko aukerak zabalduz eta erraztuz. Gaur egun 'low cost' etiketa nonahi ikus dezakegu: badira hotelak, dendak, gimnasioak eta abar eskaintza merkeak egiten dituztenak etiketa hura erabiliz (edo beste hau: 'outlet'). Are gehiago, prezio merkeak eskain-tzea da enpresa berri askoren ezaugarri nagusia. Amazon, esaterako, izugarri zabaldu da eta bere nagusia munduko pertsona aberatsena bilakatu da. Hor ditugu, baita ere, Ikea, Primark eta abar. Nago fenomeno hori hazi egingo dela datozen urteetan.

'Low cost' kontzeptua soldatetara ere eraman da. Lehiakortasunaren izenean, enpresa askok lan kostuak (hots, soldatak) asko gutxitu dituzte. Hil honen 15ean txosten guztiz interesgarri baten datu nagusienak argitaratu ziren egunkari honetan. Gipuzkoako Foru Ogasunak soldatei, pentsioei eta bestelako diru prestazioei buruz landutako txostenaz ari gara. Horren arabera, soldata baxuenak jaitsi egin dira azken zortzi urteetan: 1.393tik 851ra egin dute behera (langileen %10ak kobratzen du hori). Gehien eta gutxien irabazten dutenen aldeak 24 puntu egin du gora aipatu epealdian. Zeintzuk dira gutxien irabazten dutenak? Gazteak, batetik; 19-25 urte bitartekoek batezbesteko 7.000 euro jasotzen dituzte urtean (46-65 bitartekoek, berriz, 30.000 euro). Bestetik, oro har aisia eta zerbitzu pertsonalen eremuan lan egiten dutenek: batezbesteko 13.356 euro.

Beste datu batzuk ere eman dira argitara uda honetan, Espainiari dagozkionak. Europar Batasunaren txosten baten arabera, 'nini' gazteen kopurua (hots, ez lanik ez ikasketarik egiten ez duten 20-24 urte bitarteko gazteen kopurua) %21,2koa da Espainian; EBko estatuen artean seigarrena da goitik beherako zerrendan, eta azken hamar urteetan Ziprerekin batera hazkunde handiena izan duen estatua da. Beste datu bat: INE estatistika institutuaren arabera, espainiar langileen %40ak 1.297,20 euro baino gutxiago irabazten du, eta %12,62a gutxieneko soldatara ez da iristen, neurri handi batean kontratu partzialak (hau da, ez lanaldi osokoak) dituztelako. Espainian, kontratu berri gehien gehienak tenporalak edo par-tzialak dira; alegia, lan prekarietatea izugarri ari da igotzen eta gazteak dira kaltetuenak. Hirugarren datu bat: Europar Batzordeak urtero egiten duen enplegu eta garapen sozialari buruzko txostenak (ESDEk) dio Espainian 25 eta 39 urte bitarteko langile autonomoen %35a pobrezia arriskuan dagoela. EBko bigarren altuena da, Errumaniaren atzetik. Espainian hiru milioi inguru langile autonomo daude. Esan beharra dago asko eta asko autonomo faltsuak direla, hau da enpresek soldatapeko langile gisa kontratatu ordez autonomo izatera behar-tzen dituzte, gizarte-segurantzaren eta kaleratzearen kalte-ordainaren kostuak saihesteko. Laugarren datu bat, azkenik: Espainiako Gobernuak eta INEk emandako datu ofizialen arabera, hitzarmen kolektiboen babespean dauden langileen soldatak igo egin dira (%1,3 uztail arte), baina, aldiz, orduko kostua jaitsi egin da (%4,3). Zein da horren arrazoia? Kontratu berrien soldatak (gehien gehienak gazteei egindakoak) baxuagoak direla. Gazteen soldatak 'low cost' gisakoak dira.

Lan baldintzei (eta, beraz, bizitza kalitate mailari) dagokienez izugarrizko aldea ari da sortzen belaunaldien artean. Oro har, 50 urtetik gorakoen eta 35 urtetik berakoen soldaten artean alde izugarria dago. Eta kontuan izan behar dugu, bestetik, gazteek gizarte-segurantzari egiten dizkioten ekarpenak oso txikiak direla. Ze pentsio kobratuko dute erretiroa hartzen dutenean? Enric Juliana kazetari eta analista katalan ospetsuak egunkari honetan zioen hilaren 15ean Espainiak duen desoreka larriena belaunaldien arteko haustura dela, ez haustura libertarioa (60. eta 70. hamarkadetan bezala) baizik eta ekonomikoa. Guztiz ados nago berarekin. Desoreka horri ez bazaio aurre egiten arazo larriak gerta daitezke epe ertainera. Nire ustez, enplegu-politikak hobetu egin behar dira, baina hori ez da aski izango. Ongizate estatua eraberritu egin behar da goitik behera berdintasun printzipioari eutsiz, belaunaldien arteko oreka berrezarriz eta prestazioen kalitatea mantenduz eta zabalduz. Horretarako, jakina, zergak ezin dira jaitsi; aitzitik, igo egin beharko lirateke.

Fotos

Vídeos