Berri txarrak

IÑIGO LAMARCA ITURBE

Duela gutxi Alemanian egin diren hauteskundeetan asko nabarmendu da eskuin muturra Parlamentu federalera sartu dela (Estatu federatu edo landerretako parlamentu askotan bazuen ordezkaritza). Azpimarragarria izan da hirugarren indarra bilakatu dela, botoen %12,6rekin. Bi alderdi handiek, CDU-CSUk eta SPDk (elkarren artean gobernu-koalizioan zeudelarik) behera egin dute. Emaitza oso ona lortu du, halaber, alderi liberalak (FDPk), %10,7, eta gainerako bi partidu txikik ez dituzte emaitza txarrak lortu: Ezkerrak %9,2 eta Berdeek %8,9. Sozialdemokratek (%20,5) oposizioan egongo direla iragarri dute. Hori horrela, badirudi Angela Merkelek (CDU-CSUk %33 lortu du), liberalekin eta berdeekin egingo duela gobernu koalizioa. 'Jamaika koalizioa' deitzen diote horri, hiru partidu horien banderen koloreengatik, alegia beltza, horia eta berdea (Schleswig-Holstein estatu federatuko gobernua horren araberakoa da). Deigarria da non lortu dituen ultraeskuinak (AfDk) emaitza onenak: Ekialdean. Are deigarriagoa da datu hori zeren eta AfDren programaren ardatz nagusienetakoa etorkinen eta errefuxiatuen aurkako jarrera xenofoboa izanik, ekialdeko estatuetan oso baxua baita haien portzentajea. Nire ustez, honako arrazoi hauetan aurkitu beharko genuke eskuin muturraren hazkundea: ekialdearen eta mendebaldearen artean dagoen desberdintasun itzela; bestetik, ekialdeko populazioarengan ziurgabetasuna, beldurra eta Ongizate Estatuaren murrizketak askoz handiagoak dira. Elementu hauek agertu zi-tzaizkigun jada Brexitaren edo Trumpen atzean. Oso kezkagarria den beste datu bat hauxe da: AfDk emaitza hobeak lortu ditu gazteengan zaharrengan baino: %15, 25-34 urte bitartekoan artean; %7, 70 urte baino gehiago dituztenen artean.

Nolanahi ere, Europar Batasunaren proiektu politikoarentzat txarrak izan dira Alemaniako emaitzak, baina ez ultraeskuinaren hazkundeagatik (edo ez nagusiki horregatik), baizik eta honako bi arrazoiengatik. Gobernua osatzeko negoziaketek luze egingo dute ziurrenik, baina 'Jamaika' koalizioa gauzatzen bada, baliteke Finantza ministroa FDP alderdi liberalaren burua den Christian Lindner izatea. Gaztea (38 urte) eta guapoa den politiko hau ez da batere europeista, eta ez du inondik inora EB (edo Eurogunea) indartu nahi. Are gehiago, Europako Banku Zentralak egun indarrean duen laguntza-programa bertan behera utzi nahi du. Aldi berean, Macron frantziarrak Eurogunea sendotzeko egin dituen proposamenen aurka dago zeharo. Aipatutako faktorea baino erabakigarriagoa izan daiteke, dena den, CSU bavariar sozialkristauen jarrera. CSU eta Merkelen CDU batera aritzen dira beti Alemanian, baina CSU partidu subiranoa da eta Bavarian agintzen ari da etengabe II. Mundu Gerra eta gero. Azken hauteskundeetan behera egin dute eta CSUko burua (eta aldi berean Bavariako lehen ministroa) den Horst Seehofer urduri jarri da. Ziurtzat eman daiteke CSUk gogor presionatuko duela Merkelek zenbait politika alda ditzan (etorkin-errefuxiatuei buruzkoak baina baita Europar Batasunaren gainekoak).

Estonian garrantzi handiko gailurra egin dute arestian EBko buruzagiek (nora Rajoy ez zen joan Katalunian sortu den egoeragatik. Hori dela eta, esan beharra dago nahiz eta EBk ez duen parte hartuko auzi horretan, Espainiako gobernuaren irudia -eta horrekin batera Europan eragiteko gaitasuna- txikituta geratu direla). Bertan Macron fran-tziar presidenteak bere proiektua azaldu zuen. Eurogunean Parlamentu bat, Finan-tza ministro bat eta Aurrekontu potente bat sortu nahi ditu. Hitz politak jaso zituen. Itxuraz, buruzagi gehienek bat egin zuten proiektuarekin. Baina Alemaniako hauteskunde emaitzen ostean, baliteke proiektu horrek porrot egitea Seehoferrek eta Lindnerrek Merkelen gobernu berriari jarriko dizkioten baldintzengatik.

Beste faktore batzuk ere nabarmendu beharko genituzke. Erresuma Batuan gero eta gehiago dira Brexit “light” baten aldekoak. Alderdi Laboristaren kongresua horren alde agertu da eta Alderdi Kontserbadorearen zati inportante bat ere bai (May lehen ministroa barne, bere hasierako jarrera gogorra dezente aldatu duelarik). Esango nuke arazo asko gainditu eta gero Norvegiak EBrekin duen harreman eredua izango dela Brexita gauzatzeko erabiliko dena. Hori, paradoxikoki, freno inportantea izango litzateke EB politikoki indartzeko, zenbait akordio (segurtasunarekin zerikusia dutenak, nagusiki) EBtik kanpo dagoen estatu batekin adostu beharko liratekeelako. Bestetik, Italian 5 Izar Mugimenduak irabazi ditzake datozen hauteskundeak, programa euroeszeptiko batekin. Beste freno bat. Eta beste hau ere. Austrian hauteskundeak izango dira hil honen 15ean: ultraeskuinak %30eko apoioa du inkestetan, baina baliteke Kurz kontserbadore gaztea (31 urte) izatea hurrengo gobernuburua, programa nazionalista eta protekzionista batekin.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos