Urtero legez Urdaburukoek antolatuta Comète Sarea gogoratu dute

Saroe baserrian Comète Sarea gogoratzen.
Saroe baserrian Comète Sarea gogoratzen. / BASTEROBERRI

Ibilbide ezkutu haiek gogoratu zituzten pasa zen asteburuan Urdaburu Mendi Taldeko lagunen laguntzarekin

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Comète Sarea Bigarren Mundu Gerran pilotu aliatuei laguntzeko sortu zen sare bat izan zen. Garai hartan, pilotu aliatuak nazien eremuan eroriz gero preso hartu edota zuzenean erail egiten zituzten. Beraz, pilotu aliatu hauei laguntzeko Belgikatik hasi, Frantzia gurutzatu eta Espainian barrena Gibraltarreraino zihoan sare bat osatu zuten hainbat lagun eta familiak, ezkutuan.

Euskal Herrian, garai hartan, Bidasoaren beste aldea nazien menpe zegoen. Ez zen batere erraza pilotuak muga pasatzea. Baina, Urruñan barrena mendiz eta Bidasoa gurutzatuta iristen ziren Hegoaldera. Hala eta guztiz ere, Hegoaldean oraindik ere ez zeuden salbu. Hegoaldea Francoren diktadura faxistapean baitzegoen. Hegoaldera igarotzean pilotu hauen lehenengotariko babeslekua Oiartzunen zegoen.

Oiartzun alderako bidean, Pagogaña eta Erlaitz igo behar izaten zituzten, eta maiz aski lehertuta iristen ziren. Hurrengo helmuga Ergoiengo Saroe baserria izaten zuten, eta, hor, Iriarte Berasategi familiak jaso edo edukitzen zituen. Aurrera jarraitzeko behar zuten guztia ematen zieten: janaria, arropa, lotarako lekua, etab.

Handik Altzibar aldera jaisten ziren, bertan Arbide eta Garaiar familien laguntza jasotzen zuten Bastero-Berri etxean, garaian fonda zena. Saroeko eta Bastero-Berriko laguntzaileak maiz izan ziren salatuak, zelatatuak eta behin baino gehiagotan jaso zuten Guardia Zibilaren bixita era; baina, hala eta guztiz ere laguntzen segi zuten.

Arbide eta Garaiar familiek Errenteriaraino laguntzen zituzten pilotu aliatuak. Errenterian trena hartu eta Donostiara ailegatu zitezen. Donostiatik Madrila joaten ziren eta Madrildik Gibraltarrera, Erresuma Batuaren lurretara. Behin Erresuma Batuko lurretan egonik, berriro gerrara itzul zitezkeen pilotuak. Garai hartan susmoz, beldurrez, sekretuz gordetako ibilbide ezkutu haiek gogoratu zituzten pasa den asteburuan Urdaburu Mendi Taldeko lagunen laguntzarekin. Oiartzunen barrena ere pasa ziren eta hamaiketako ederra egiteko aukera izan zuten Saroe baserrian.

Fotos

Vídeos