Zuzendaritza talde berria Haurtzaron

Haurtzaro Ikastolako zuzendaritza talde berria./BASTEROBERRI
Haurtzaro Ikastolako zuzendaritza talde berria. / BASTEROBERRI

Batzar Nagusiaren ostean etapa berri bati hasiera eman dio Ikastolak

BASTEROBERRIOIARTZUN.

Pasa den ostiralean, urteko Batzar Nagusia egin zuten Haurtzaro Ikastolan. Gai zerrenda luzea bezain mamitsuari ekin zioten bertara hurbildu ziren guraso eta langileek. Axier Bergaretxe Gezala Haurtzaroko lehendakariak egin zuen sarrerako agurra. Besteak beste, gogoratu zuen Ikastolaren 51. urteurrena dela aurtengo ikasturtea, «hau geratzen ez den makina baita eta geratu behar ez duena gainera».

Aurreko ikasturtea berezia izan zela azpimarratu zuen, «50. urteurrena ospatu genuelako. Baina ospatzeaz gain, beste zerbait ere lortu zela esango nuke: ikastolako partaide izatearen harrotasuna eta ez harrokeria, sentitu dugu», gaineratu zuen. «Aspaldiko harreman asko berreskuratu ditugu, eta ikastolan izandako bizipen asko berriz ere gogora ekarri ditugu. Ikastolan bizitzarako hezkuntza lantzen denaren seinale», nabarmendu zuen.

Bestalde, azpimarratu zuen Ikastola gorengo mailan dagoen Ikastola dela, 50. urteurrena ospatzeaz gain, aurrez egindako lanaren emai-tza ere iazko ikasturtean iritsi zi-tzaielako. «Heldutasun teknologikoaren onarpena; eskola jasangarriaren aintzatespena eta dagoeneko esan dezakegu, KIVA ikastola izateaz gain, KEI ikastola ere bagarela. Bada zerbait. Kalitatezko ikastola gara, hezkuntzara bideratutako kalitatezko akreditazioa lortu baitugu», argitu zuen. «Eskerrik asko zuei ere, aitortza eta akreditazio horiek guztiak lortzeko jardun dugun guztioi , denon partaidetzarik gabe ezinezkoa baita horretara iristea».

Zuzendaritza talde berria

Aurten zenbait aldaketekin dator Ikastola. Lehendakariak adierazi moduan, besteak beste, zuzendaritza talde berria -Aritz Gonzalez, zuzendaria; eta Argiñe Oiarbide, Roxali Otegi eta Xabi Salaberria, ikasketaburuak- du Ikastolak. Bestalde, ohiko aldaketez gain, Kontseilu Errektorean urtetan lanean aritu ondoren, hainbat gurasok ordezkaritzaren etapa bukatu dute eta hautaketa prozesu baten ondoren guraso berriak sartu dira. Orain arte gogor lanean aritutakoei eskerrak eman zizkien Axier Bergaretxe lehendakariak, baita ilusioz ardura hartu duten guztiei.

Esker orokorraz haratago, lehendakariak bereziki bi pertsona eskertu zituen. «Bat, hamahiru urtez kontseilukide eta nire aurretik lehendakari lanetan aritu den Iñaki Irastorza, eta bigarrena zuzendari lanetan azken 12 urtetan aritu den Sorkunde Lekuona zuzendari ohia, biengandik asko ikasi baitut».

Hezkuntza eredu propioa

Bestalde, Haurtzaro Ikastolak Ikastolen taldeko partaide gisa «gure hezkuntza eredu propioa dugu», argitu zuen lehendakariak. «Besteena gutxietsi gabe, gure eredu horretan sinestu eta aurrera eraman behar dugu. Hor dugu Haur Hezkuntzako proiektu berria, KIVA ikastola gara, bizikidetzan lanean etengabe ari gara, EKI ere Lhehenengo Hezkuntzan zabaltzen ari gara...; bi hitzetan, etengabe proiektu berriak aztertzen, martxan jartzen eta hobetzen ari den hezkuntza eredua gara ikastolak», gaineratu zuen.

«Gure balio horiek guztiak plazaratzen jakin behar dugu, gure publikotasunean sinistuz, administrazioaren menpekoak ez izateak ez baitu ikastolaren izaera publikoa zalantzan jartzen. Ikastolok ez dugu Espainia eta Frantzia eredu publiko zaharkitu eta atzerakoien sinisten. Ikastolok bultzatzen dugun eredu publikoak, besteak beste, Holandan, Finlandian eta Danimarkan urte asko daramatza martxan», argitu zuen.

Batzar Nagusian, bestalde, honako gai hauek aztertu zituzten: Kontseilu Errektoreko eta Hezkuntza Batzordeko ordezkari berrien izendapena; 2016-2017 ikasturteko gestio txostena eta 2017-18 ikasturteko gestio planaren onarpena; 2016-2017 ikasturteko kontuak eta 2017-2018 ikasturteko aurrekontuen onarpena; HHko marko berria; Bianditz S.L.; Udalarekin harremanak; Haurtzaro - Elizalde harremana; Hezkuntza legea; Haurtzaro Ikastolako 50. urteurrena eta galderak eta erantzunak.

Azkenik, Hezkuntza arloari dagozkion gai hauek ere aztertu ziren: 0-18 eskaintza, datuak eta egitasmoa; euskara eta eleaniztasuna; Eskola Agenda 21 ikastolan; Eskolaz kanpoko ekintzak; zerbitzuak eta bizikidetza ikastolan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos