Zuberoako Aloze Ikastolako ikasleak Haurtzaro Ikastolan

Asteartean eskualdeko txokoak ezagutu zituen Zuberoako eta Oiartzungo taldeak./BASTEROBERRI
Asteartean eskualdeko txokoak ezagutu zituen Zuberoako eta Oiartzungo taldeak. / BASTEROBERRI

Oiartzuarrak ikasturte amaieran izango dira Zuberoa bisitatzen

BASTEROBERRIOIARTZUN.

Haurtzaro Ikastolako lagunek gonbidatuta, Zuberoako Aloze ikastolako ikasle taldea Oiartzunen izan da, hiru eguneko egonaldia egiten. Badira zenbait urte elkartruke hau burutzen dela eta «oraingoan haiek etorri diren arren, ikasturte amaieran Haurtzaro Ikastolako bederatzi urteko ikasleak joango dira Alozera, Zuberoara», argitu du Xabi Salaberriak Haurtzaro Ikastolako ikasketa buruak. «Alozeko ikastola txikia izanik, ikasle guztiak etortzen dira», gaineratu du. Aurtengo elkartrukean 26 ikaslek eta 3 irakaslek parte hartu dute.

Pasa den astelehenean, eguerdi aldera iritsi ziren zuberotarrak eta Haurtzaroko LH 5. mailako ikasleek egin zieten harrera. «Motxilak utzi eta jarraian Arkaleko haitzetan dagoen Beloagako gaztelua ikustera joan ziren. Izan ere, Beloaga Bizirik kultur elkarteko kideak, Joxe Mari Iturriozek, bisita gidatua eskaini zien. Bisita interesgarria amaitu ondoren, Pikoketa aldera abiatu ziren eta Leuneko harkaitzetan eskalada egiteko aukera paregabea izan zuten.

Asteartean, aldiz, Haurtzaroko LH 4. mailakoekin egun osoko irteera egin zuten. Pasaia San Pedrora autobusez joan, San Juanera itsasontziz gurutzatu eta gero oinez Oiartzun aldera itzuli ziren eskualdeko txoko eta paisaiak ezagutuaz. Ilunabarrean, afari merienda ospatu zuten ikastolan bertan. «Taloak prestatu eta jateko aukera izan zuten Alozeko eta Haurtzaroko ikasleek».

Asteazken goizean, azkenik, agurtu zituzten eta Arditurriko meategia bisitatzera joan zen Zuberoako taldea. «Ekintzez betetako hiru egun izan dira eta eguraldia lagun, oso pozik itzuli ziren etxera. Gure aldetik ere poza partekatua da elkartruke ederra izan delako», nabarmendu du Salaberriak.

Bukatzeko, Ikastolako arduradunek eskertu diete elkartruke hau gauzatu ahal izateko, ezinbesteko laguntza eskaini duten guraso, irakasle eta langile guztiei, «denon proiektua den honetan elkarlana ezinbestekoa baita».

Harrera ona

Pasa den asteartean, Haurtzaro Ikastolako ikasleak bertako anfiteatroan bildu eta harrera beroa eskaini zioten aurtengo Kilometroetan Erronkan txapeldun izan den ikasle taldeari. Aritz Gonzalez zuzendariak goraipatu zuen ikastolako gazteek Oñatin egindako lana, irailaren 24an. Gero, Erronkako taldearen izenean Malen Elizasuk eta Maddi Mujikak hartu zuten hitza eta bizitutako esperientzia laburtu zuten. Talde osoak ongi merezitako txalo zaparrada jaso zuen. Era berean, datorren urtean Urretxu-Zumarragan ospatuko den Kilometroak jaialdian parte hartzeko asmoa agertu zuten Haurtzaroko gazteek.

2013an jarri zen abian Erronka, Tolosan ospatutako Kilometroetan. Lehen edizioan Haurtzaroko erronkariek arrastoa utzi zuten, txapeldun amaitu zuten eta. Iazko edizioan ere nagusitu ziren oiartzuarrak, Bergaran ospatu zen euskaldunen jaian. Eta pasa irailaren 24an Oñatin jokatu zen Erronka irabazita hirugarren arrastoa utzi zuten oiartzuarrek, txapela hirugarrenez lortzen duen lehen ikastola baita.

Horretarako, lehiaketan askotariko proba bizi eta zirraragarriak egin zituzten indarra, abilezia, buru-argitasuna eta abiadura erabiliz. Esan bezala, azkeneko proban Ahora! banderaren irabazleak Haurtzaro ikastolako Intxixuak izan ziren. Hala, 2000 euro ikas bidaiarako eta Tolosako dendetan erosteko 100 euroko txekeak eskuratu zituzten oiartzuar gazteek.

Fotos

Vídeos