'Yoga, konzentrazio eta erlaxazio tailerra' familientzat, igandean

Dafne Gurrutxaga adituak gidatuta Elorsoro Kiroldegian izango da goizeko 11:00etatik 12:30era

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Heldu den igandean, hilak 29, Dafne Gurrutxaga adituak gidatuta ʹYoga, kontzentrazio eta erlaxazio tailerraʹ izango da familientzat Oiartzungo Elorsoro Kiroldegian. Ekimena HAZIAK egitasmoaren baitan, hezkuntza ez-formalaren eremuan kokatzen da.

«Yogak eskaintzen dizkigun teknikak, gaur egungo azelerazioa, estresa eta kontzentrazio eza gutxitzeko oso lagungarriak dira, baita familiako kide guztien arteko harremanak estutzeko ere», argitu dute Haziak egitasmoko arduradunek. Hala, «gure gorputzak arindu eta luzatzeaz gain, burmuina eta orokorrean osasunarentzat hain garrantzitsuak diren isiltasuna, atentzioa ezartzea, gogoeta eta erlaxazioa lantzeko aukera izango dugu tailerrean», gaineratu dute.

Haziak egitasmoak garrantzia handia ematen dio orainaren jabe egiteari, «norberaren barne mundua azaleratuz botere harremanen lanketa osoa garatzeko kontzientzia hartzeko prozesu gisa. Hain zuzen ere yogak horretan laguntzen du eta ekimen hau testuinguru horretan kokatu behar dugu».

Tailerra goizeko 11:00etatik 12:30era izango da. «Elorsoron 10:45ean elkartuko gara sarreran eta denak elkarrekin sartuko gara barrura», adierazi dute antolatzaileek. Haurren adinari dagokionez, bost urtetik gorakoentzat (haurrek heldu batekin etorri behar dute) aurreikusi dute. Saiora eraman beharrekoa ere argitu dute: arropa arina eta tapatzeko manta bat.

«Lekuak mugatuak dira, beraz beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, 645 00 54 96 telefonora mezu bat bidalita», gaineratu dute. Hortaz, haur eta helduek elkarrekin tailer berezi honetan parte hartzeko aukera paregabea, eskola ordutegitik kanpo eta familian gozatuz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos