Xanistebanetako kultur ekitaldia gaur, motorrak berotzeko

Eta orain festa herri osora zabalduko da. Hortaz, gaur 18:00etan xanistebanen aurreko ekitaldi kulturala eta sari banaketak izango dira, udal areto nagusian. Besteak beste, Mugarri eta Oiartzun 2017 urtekaria herritarren aurrean aurkeztuko dira. Era berean, xanistebanetako kartel lehiaketako sariak banatuko dira. Gainera, memoria historikoaren alde lan egiten duten herriko taldeak omenduko dira, Katin Txiki eta Beloaga Bizirik. Katin Txikik 36ko gerrak eta ondorengo urteetan herrian gertatu zen errepresio aztertu, publiko egin eta urtetan ahazturan egon diren horien errekonozimendua eta erreparazioan lan egin du 2007an sortu zenetik.

Beloaga Bizirik-ek, berriz, 2013tik Nafarroako Erresuma garaiko gotorleku zen Beloagako gazteluaren eraikina eta historia berreskuratzeko lanean dihardu.

Gaurko saioan, Alaitz Bergaretxe Gezalak ere omenaldi ttiki bat jasoko du, azken urteetan udal hautetsiei xanistebanetako soka-dantza irakasten egin duen lana eskertzeko. Txomin Perurena txirrindulari ohiak ere izango du errekonozimendurako tartea xanistebanetako kultur ekitaldian. Aurten, izan ere, erakusketa bere kirol-ibilbideari buruz izango da.

Fotos

Vídeos