Xanisteban egun ederra ospatu zuten Oiartzunen

Elektrotxaranga Oiartzungo gazteak inguruan dituela.
/BASTEROBERRI
Elektrotxaranga Oiartzungo gazteak inguruan dituela. / BASTEROBERRI

Haur, gazte eta helduentzako ekintzak izan ziren asteartean

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Abenduak 26, San Esteban santuaren eguna, Oiartzungo herriaren patroia. Bere eguna ospatu zuten asteartean oiartzuarrek. Makina bat ekintza izan ziren, baina aipagarriena baliteke gazteen eguna izatea; eguerditik hasi eta gauera arteko egitaraua izan baitzuten.

Helduenek San Esteban eguneko meza izan zuten eta ondoren, ohitua legez, kanpaien hotsak izan ziren San Estebanen omenez. Haurrek ere izan zuten talo jatea eta erromeria Abaraxkakoen eskutik. Kontzejupean Xanistebanetako pala txapelketako finalak ere izan ziren.

Bost bat urte izango dira gazteek Xanisteban eguna ospatzeari utzi ziotela. Garai batean ere ospatzen zen gazte eguna egun horrekin. Baina, aurten Oihartzun guk taldeko gazteek egun hau berpiztu nahi izan dute.

Horretarako, eguerdian Xanistebanen panpina batekin jaitsi ziren Donibane kalean barrena eta tabernaz taberna ibiltzeko aprobetxatu zuten. Arratsaldeko 14:30ak aldera Kataxulo gaztetxera joan ziren bazkari-legea egitera. Bazkaria bukatzerako 17:00ak paseak izango ziren, dena jaso eta bingoari ekin zioten. Bingoan bi '... paeta zarrak erantzun' mahai joko eta Autobus Magikoa musika taldearen cd-a eta kamixeta zozkatu ziren. Ondoren, jokoak zituzten prestatuta antolatzaileek, baina denbora eskasiagatik ez zituzten egin. Izan ere, bazkarian zeuden hiruzpalau gazte oholtzara igo eta kantuan aritu baitziren beren musika tresnekin. Ilunabar aldera, 20:00ak aldean, elektrotxaranga hasi zuten gaztetxean, eta berriro ere tabernaz taberna ibili ziren.

Gauean, gaztetxean bertan afaltzeko aukera izan zen. Musika jarri zuten eta tabernek ere gauez ireki zuten gazteek goza zezaten.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos